Testua: Paraguaiko kondaira / Irakurlea: Pako Eizagirre / Iturria: ezezaguna
Txorrotxio hori entzuten duzu? Txingoloa da orain ere, haizearen aldaketa, hotza eta eguraldi txarra iragartzen duena. Txori horren izena Txe si asi da guarani hizkuntzan: "Nire ama gaixo dago" esan nahi du. Zergatik eman ote zaio izen hori?
Izen horren zergatia aspaldiko istorio polit bat da. Guairako lurraldeko indigenen artean gordetzen da oraindik Txingoloren oroimena. Txingolo ume guarani bat zen, bere ama bihotz-bihotzez maite zuena. Egun batean bere ama oso gaixo jarri zen; hilzorian sentitu zenean, semea bidali zuen bera senda zezakeen landare baten bila, huraxe jotzen baitzuen bere gaitzarentzat erremedio bakarra.
Landarea oihan itxi batean hazten zen, eta berehala abiatu zen semea oihanean barrena. Jaguarraren orroak entzun zituen, baina beldurrik gabe aurrera jarraitu zuen, geroxeago suge baten txistu hotsa entzun zuen, baina entzungor egin eta sendagai bila jarraitu zuen. Goizetik gauera ibili zen basoan hara eta hona, eta azkenik aurkitu zuen sendabelar hura eta etxera itzuli nahi izan zuen. Baina gaua gainean zeukan, gau ilun, bihozgabea. Eta ezin izan zuen etxerako bidea bilatu, gau osoa galduta ibili zen basoan, oihuka: "Txe si asi! Txe si asi!", ama gaixoa aipatzea, norbaiten errukia erakartzeko baliagarri izango balitzaio bezala, estuasun hartatik ateratzeko.
Goizaldera oihanean eguzkia adar artetik agertzen ikusi zuen, ama ordurako hilda zegoela jakin gabe oraindik. Jainkoek ulertu zuten Txingolok ez zuela sekula etsiko ama hilda aurkitzen bazuen, eta umezurtz izatearen nahigabea kentzearren, txori bihurtu zuten, munduan zehar hegan ibil zedin bere amaren bila, egunen batean hura topatzeko itxaropena gordez.
Ordutik dabil Txingoloa oihanean hegan, teilatu azpietan egiten du habia, jende onaren laguntza edo babesa bilatuko bailuen, eta eguraldi txarra iragarri eta bere barruko pena izugarria azaltzen die bere txorrotxioekin esanez: "Txe si asi! Txe si asi!"