Gizotso
Pizti mitologiko hau Nafarroako eskualdean, Donezteben, eta, Bizkaian, Zeanurin eta Arratian aipatu izan da, batik bat. Oihanaren barrenean bizi den erdi otso erdi gizon itxurako munstro basatia da Gizotso.
Izugarrizko indarra du, eta gauez ateratzen da, kate batzuk zintzilika dituela. Luzaiden kontatzen dute indar izugarria duela, eta oin borobildua. Arratian diotenez, pertsonen eta abere basatien arteko harremanetatik sortuak dira pizti hauek.
Behin batean, Urkia mendian ikusi zuten Gizotso, Zeanuriko Aginaorantz aldera zihoala, eta deiadar egin zioten han bizi zen emakume bati: “Aginaoko emakumea, mugi zaitez, Gizotso doakizu eta!”. Deiadarra entzutean, abiatu zen lasterka etxerantz, baina piztia basatia azkarrago ibili zen. Harrapatu emakumea eta errotik atera zizkion bularrak.