Jentil

Jentil

Euskal Herri osoan da entzuna pertsonaia mitologiko ezagun hau. Gipuzkoan batez ere, baina Bizkaian, Nafarroan, Araban nahiz Lapurdin ere ageri zaizkigu jeinu honi buruzko aipamenak.

Jentilak kristautasunaren aurretik lurralde horietan bizi ziren pertsona fedegabeak omen ziren. Kristautasuna etorri zenean, beraien bizimodua aldatu egin zen, eta mendian bizi ziren, bakarrik, etxe urrunetan, beste herritar kristau guztiengandik aldenduta. Besteengandik aldenduta bizi baziren ere, fededunekin bakean bizi ziren. Kristauek jentila deitzen zioten pertsona fedegabeari. Gizaseme basatiak, erraldoiak eta indartsuak ziren, harkaitz puska ikaragarriak urrutira botatzen zituztenak. Hori dela eta, leku askotan agertzen diren harritzarrei Jentilarri deitzen zaie. Hala, Bizkaian, Arrakundiagan; Gipuzkoan, Mutrikun eta Azkoitian; Nafarroa eta Gipuzkoa artean, Aralarren. Harrespil eta trikuharri ugari eraiki dituzte Euskal Herri osoan. Besteak beste: Jentilbaratza deritzote Aranon, Nafarroan, harrespilak dauden zelai bati eta Jentiletxe Ataunen dauden trikuharriei. Oro har, monumentu megalitikoen sortzaile bezala agertzen zaizkigu. Lehen meatzariak, lehen gari landatzaileak, lehen errementariak, lehen errotariak … ere izan dira jeinu hauek. Lehenengo elizen eraikuntzan ere lagundu omen zuten haien indar itzelarekin. Hala izan omen zen Bizkaian, Ondarroan eta Markinan; Gipuzkoan, Zumarragan eta Oñatin; Araban, Opakuan; eta Nafarroan, Urdiainen…

Behin batean, Jentilek, Aralarko muino batean jolasean ari zirela, laino argitsu bat ikusi omen zuten hurbiltzen ekialdetik. Izututa, jakintsu nagusi batengana jo omen zuten. Jakintsuak, laino distiratsua ikusi zuenean, honela esan zuen: “Kixmi jaio da, gure askaziak berea egin du, bota nazazue amildegitik behera”. Jentilek jaurti zuten agurea, eta, lainoa atzetik zutela, korrika abiatu ziren mendebalderantz. Arraztarango aranera iritsi zirenean, harri zabal handi baten azpian sartu omen ziren ezkutatzeko asmotan. Geroztik, harlauza handi horri Jentillarri deitzen zaio, eta herri sinesmenak dio azken Jentilak bertan hilobiratuak daudela. Jentillarri hori, benetan, historiaurreko monumentu bat da, trikuharri bat da, hain zuzen ere. Ondoko irudian agertzen zaigun trikuarria da Aralarko Jentilarria.