Karmele jaio - Zoriontsu al zara?

Irakurlea: Pako Eizagirre / Iturria: Diario de Noticias

Norbaitek galdera hau eginez gero, jakingo al genuke zer erantzun? Gai izango al ginateke zoriontsu garen ala ez bereizteko? Posible al da erabakitasunez bai ala ez erantzutea galdera honi?

=================================

Agian galdera bera dago gaizki egina. Zoriontasuna ezin da gauza absolutu bat izan. Pertsonak ez dira zoriontsuak edo zoritxarrekoak eguneko hogeita lau orduetan. Zoriontasuna uneetan zenbatzen da, bizitzaren momentu ezberdinetan. Segundo ba-tzuetan gara zoriontsu, minutu batzuetan edo ordu batzuetan, baina zoriontasuna sentsazio bat da, egunean zehar izaten ditugun beste mila sentsazio bezalakoa. Zoriontasunarekin batera sentitu dezakegu egun berean haserrea, edo ahulezia, edo tristezia. Eta batzuk existitu ezean ez genituzke besteak bereiztuko. Nola jakin zoriontsu garen ez baldin bagara inoiz triste sentitu? Bizitza oso baten ebaluazioa egitean esan daiteke gutxi gorabehera pertsona bat zoriontsua izan den ala ez une zoriontsu asko eta gutxi igaro dituen kontuan hartuta, baina ezinezkoa iruditzen zait bizi garen bitartean zoriontsu garen ala ez esatea. Hala ere, gizarteak zoriontsu izatea exiji-tzen digu. Gaizki ikusia dago zoriontsu ez izatea. Eta egunero saltzen diguten beharrezko zoriontasun erraldoi eta absolutu horren bilaketan galtzen ditugu eguneroko une zoriontsu horiek. Hogeita lau orduz zoriontsuak izateko betebeharraren aurrean oharkabean pasatzen zaizkigu momentu alai horiek. Zoriontsu izateko gomendioak jasotzen dituzten liburuz beteta daude liburu dendetako apalak. Auto-laguntzarako liburuak salduenen zerrendetan agertzen dira, beraz, zoriontsu izateko urgentzia dago gizartean. Bat, bi, hiru gomendio jarraitu eta zoriontsu izan nahi dugu berehala, betirako zoriontsu. Ez gara konturatzen zoriontasunaren bilaketak itsututa, une zoriontsu asko galtzen ditugula egunero


.

 

Karmele Jaio