http://aittu.podomatic.com/entry/2007-12-29T15_04_32-08_00
Irakurlea: Bego Akisu - Iturria: Joseba Sarrionandia
Goiza Ezkurdin pasatu nuen, aulkian eserita, irratia entzunez eta han urmaeletan bizi diren ahate koloretsuei begira. Etxera bueltatuta ohe gainean etzutearekin batera ohartu nintzen irratia falta zitzaidala.
Etxea goitik behera errekistatu eta ez nuen aurkitu zorioneko irrati hori.
Parkean utzia izango nuen, han ezkurdian, edo hantxe egon nintzen artean baten batek ostuko zidan. Ezkurdirantz joan nintzen, goiza eserita eman nueneko lekura. Han ez zegoen, beraz ostu egin zidaten. Parkea hiruzpalau aldiz zeharkatu nuen noraezean. Hiri honetan ezin da bizi, lapurrez beteta dago. Etxerantz itzultzen nintzela, elbarri bati erreparatu nion autobus geltokian, elbarria zela ohartu nintzen hormaren kontra eserita zegoelako, zangorik gabe. Irratia entzuten ari zen. Bizkarra hormaren kontra, soina ohol zahar batzuen gainean, zangorik gabe, irratia besapean, aulki gainean soina, ipurditik gora soina, baina zangorik ez oholetik behera zintzilik. Irratia, besapeko irrati hura, egia esan, beste edozein irrati izan zitekeen, baina nik zeozer usnatu eta inguratu nintzen.
Irratia abrigo azpian erdi gordeta zuen. Irratia ez da ezkutatzen entzun nahi baduzu, irratia estaliz gero hainbat okerrago entzungo da, ez da abrigopean tapatzen, gordetzeko edo ezkutatzeko arrazoirik ez bada behintzat. Bertaraino ailegatu nintzen, autobusen zain zeuden beste sei-zazpi lagunen artean egon nintzen elbarria zelatatzen, eta ene susmoa unerik une larrituz joan zen.
Bera zen, nor izango zen ba lapurra elbarria baino! Elbarri kondizioak, elbarriari, desabantilaren atxakiarekin, abantaila ederra ematen dio legeko jendea engainatzeko; sugea ere zangogabea da, animalia maltzur halakoa! Autobusa heldu zen eta geltokiko jendea, behar bezalako jende hura, joan egin zen.
Elbarriarengana ezari-ezarian hurbildu eta, bat-batean, irratia kendu nion. Susmoa nuen bezala, banekien bezala, ene irratia zen, eta laket zaidan emisora zegoen jarrita gainera, arratsaldean zehar entzuten egon nintzen bera, egunero entzuten dudan berbera. Elbarriak irratiari antenaren puntatik eusten zion oraindik, begiak sumindurik begiratu zidan, ukabilkada bat jo behar izan nion sudurrean, eta ez zen aski izan, espantuka hasi zen, eta ez zuen ene irratia soltatu. Orduan eskuineko oin puntaz ostikada on bat jo nion saihetsean, irratia soltatu zuen eta aldamenerantz erori zen, suntsitua, arnasarik gabe. Etxerantz joan nintzen ene irratiarekin. Itzulera bide hori lasaibidea izan zen enetzat, elbarriaren aieneak gibelean utzita. Ez zait gustazen etxera urduri ailegatzea, ohe gainean luzeran etzanda irratia sabel gainean piztuta ene gogoko emisora entzutea gustatzen zait.
Eta gustatzen zaidan emisora berbera nengoen entzuten. Orduan, begirada gelan zehar alderatu zitzaidan, harik eta aulkiaren gainean, uzkur, isilkoi, mutu, ene irratia erreparatu nuen arte.
Orain bi ditut.