Xuhurra

XUHURRA

Munduan beste asko bezala, bazen gizon bat, lanik gabe. Ganbara txiki zahar batean bizi zen, armiarmaz josia, argirik gabe, telebistarik gabe, igogailurik gabe… Xaguek ere alde egin zuten ganbara hartatik, zer janik ez zegoelako.

Eskerrak Janari Bankuari! Bestela, goseak akabatuko zuen.

Eta eskerrak, baita ere, bere auzokoei. Neguan, arropa eta dena ematen zioten, hotzak ez hiltzeko. Denetan eskuzabalena Xabier zen, bere lagunik handiena, gurpil-aulkian ibiltzen zena.

Behin, amona baten etxean lapurrak sartu, eltzetxoan zeuzkan xoxak ostu, eta hanka egin zuten.

-Lapurraaak!!!!!!! Lagunduuu!!!!!!!- amonak, oihuka.

Baina, alferrik. Dirurik gabe gelditu zen amona gaixoa, xoxik gabe.

Orduan bururatu zitzaion ideia bat. Banketxe txiki bat jarriko zuen, aitona-amonen xoxak gordetzeko. Izena ere asmatu zuen.

- Zer izen jarriko diot? Ummmm! Xoxak gordetzeko bada… izenik egokiena… XOXATEGI TXIKI.

Baina, xentimo bat ere ez zuenez, auzokoek utzi zioten lokal txiki bat, banketxea jartzeko. Baita dirua ere, lanean hasteko.

Orduan ere, Xabier laguna izan zen eskuzabalena.

-Torizak. Nik baino gehiago beharko duk eta.

Hasieran, gure gizon horrek denei laguntzen zien. Amona zaharrei, besotik heltzen zien, oinez gutxiago nekatzeko. Gurpil-aulkian zihoanari trabak kentzen zizkion…. Horregatik, herritar xume guztiek bere xox guzti guztiak XOXATEGI TXIKIra eramaten zituzten.

Gero eta jende gehiago joaten zen, eta gero eta diru gehiago pilatzen zen XOXATEGI TXIKI banketxean.

Hainbeste diru pilatzean, izena ere aldatu egin zion banketxeari:

 

 

Baina, orduan… zer gertatzen zaio? Zenbat eta diru gehiago pilatu, are eta gogorragoa zuen bihotza. Behin amona xahar baten zakurrari ostikoa jo zion, muturrean, besterik gabe.

 

-Aizu!!! Zergatik jo diozu ostikoa nire zakurrari? Ez du koskarik egiten!!!

-Orain bai ez duela koskarik egingo!!! Kar kar kar!!!

Beste behin, itsu bat sartu zen banketxean bere zakurrarekin, euria ari zuela. Gure gizon bihotz gogorrak, biak bidali zituen kalera, zakurrak bere lau hankekin banketxeko zorua bustitzen zuelako.

-Alde biok hemendik!!! Eta hurrengo batean, jantzi txankletak zakurrari zorua busti ez dezan!!!

Beste behin, Xabier lagun minak banketxeko sarrerako koxka kentzeko eskatu zion mesedez, gurpil-aulkiarekin pasatzeko, eta zer da-ta…barre egiten ez dio, ba, aurpegira?!.

-Hi aizak! Segizak hemendik, derrepente, gurpil-aulkiak perratzera!!! Kar kar kar

Gure gizonaren bihotza ez zen beratzen, inondik ere. Kontrara, gero eta gogorragoa zen, dirua pilatu ahala. Ez zuen ezer ere barkatzen. Hala, lanik gabe gelditu zen familia oso bat, etxetik botatzeraino iritsi zen, hipoteka ordaindu ezin zuela-ta.

- Utzi nizuen dirua ezin badidazue bueltatu, zoazte zubi baten azpira bizitzera, arratoiei konpainia egiteko, alfer halakoak!

Edozer gauza egingo zuen gure gizon bihotz gabeak, dirua pilatzearren.

- Firmatu paper hau, eta hitz ematen dizut urtero diru handia emango dizudala, ordainetan. (Gaixo honek ez daki paperean zer jartzen duen letra txikian. Alegia, zorretan geldituko dela nirekin, betiko lotuta. Jendeari zirikotea sartzeko garaian, artista hutsa naiz ni. Kar kar kar!!!)

Leire da neska bat, oso belarri zorrotza duena. Gauza da, urruti urrutira entzuteko, mando-elbiak, hegoak astintzean, ateratzen duen burrunda: buuuurrunnnn!!!. Hiper entzumena baitu. Gainerakook baino askoz ere gehiago entzun ohi du, bere super-boterea da!

Baina, Leireren gaitasun horrek badu bere alde txarra. Belarri ertzean garrasia entzunez gero, buruko mina sortzen zaio. Eta xuhurrak, egunero, egunero garrasia egiten dio belarri ertzera, nahita.

AAAAAAA!!!

Hau buruko mina.

 

Sarritan, emigranteak jartzen zituen lanean. Baina, hutsaren hurrena ordainduta.

-Lana gogotik egiten baduzue, zerbait ordainduko dizuet… akaso. Eta bestela, batez. Eta konforme ez bazaudete… segi zuen herrira, etorritako bidetik, euritakoak basamortuan saltzera!!!

Diru-egarriak eraginda, gero eta xuhurragoa zen gure gizon bihotz gogorra. Hasieran, banketxean, bost langile baldin bazeuden jendeari kasu egiteko, orain bi besterik ez daude. Eta jendeak ilara luzeak egin behar ditu banketxean, zutik; baita ordu asko galdu ere.

-Ordu bete da hementxe nagoela zutik. Hau sufrimendua!- Haurdunak.

-Banketxeko nagusia jarriko nuke gure lekuan!!! Ea orduan zer dioen! –Desgaitasuna duen pertsonak

Azkenerako, jendeari kaltea kaltearen gainean eginez, diru pila handi bat osatu zuen, gure gizon bihotz gogorrak, meta-belarraren tamainakoa. Eskailera luze bat eta dena behar izaten zuen dirua metatzeko.

Baina, egun batean, dirua metatzera joan, beti bezala, eskailera luze haren gainera igo, beti bezala… eta… deskuido batean… hor amiltzen da goitik behera, hankaz gora.

Han gelditu zen lurrean, luze-luze, oinaze gorritan, aieneka, lurretik altxatzeko gauza ez zela. Eta orduan… horra nola hasten den laguntza eske, oihuka.

- Aizue!!! Lagundu,mesedez!! Aiene!!!

Baina, inortxok ere ez dio kasurik egiten, bihotz gogorrari.

- Orain, akordatzen haiz hi gurekin? Orain… izorrai!!! Orain, sartzak meta-diru guzti hori ipurdiko titaretik, alu horrek!!!

Hala eman zuen denbora puzka bat. Eta, biziaz erabat etsita zegoen unean… hor etortzen zaio Xabier laguna bere gurpil-aulkian, eta horra nola deitzen dion anbulantziari.

-Etorri segituan, nire laguna hiltzeko zorian dago eta!!!

Anbulantzia etorri zenean, erizainek ez zuten uste, bizirik aterako zenik. Hain zegoen hilzorian!

-Oso larri dago. Ez dut uste salbatuko denik.- Erizainak

Ospitaleko larrialdietara eramanda, orduak eman zituzten medikuek gure gizon bihotz gabearen bizitza salbatu nahirik. Aurrerako ote da? Bai? Ez? Eta azkenean…

-Eginahalak egin ditugu. Ez da hilko, zuri esker Xabier. Baina ezin izango du oinez ibili- Sendagileak Xabierri

Non ote da gure Xuhurra?

Zertan ote dabil?

Norekin ote dabil?

Horra gizon baten gorabeherak

Dirua pilaturik

Bihotza xuhurra zuena

Eta ezbeharra pairaturik

Bihotzez aberats zena