Safari fotografikoa

Safari

Laranjatxuk aitonarekin bizi izandako safari fotografikoa

Laranjatxuren gurasoak lan askorekin zebiltzan eta, egun batean, neskatila aitona-amonengana eraman zuten.


Hura pozarren egoten zen haienean; egia esan, bereziki amonarekin, haren jolasekin primeran ibiltzen zelako.

Baina, hara non, egun hartan amona ez zegoen etxean eta Laranjatxuk pena hartu zuen. Aitona seguruenik larri ibiliko zen, zer egin jakin ezinik; urduritu ere egingo zen eta neskatila, ba, aspertu… Aitona maite, maite zuen, baina halako planetarako beharbada ez zen egokiena.

Gainera, zer, eta marmarka entzun zuen: ‘Hau ustekabea! Zer egingo dut orain Laranjatxurekin?’.

Baina Laranjatxuk ez zuen etsi eta, sukaldeko bakardadean, kantuan hasi zen: ‘Txan, txan, txan, dantzatu nahi dut, txan, txan, txan,  zurekin berriz.  Eskutik helduta, zirkuluan dantzan, salto bat gora, eta buelta bat!’[1]

Aitona orduantxe agertu zitzaion, besapean liburukote bat zekarrela. ‘Banengoen ba ni!’, pentsatu zuen Laranjatxuk: aitonari irakurtzea besterik ez zaio bururatzen, baina nik liburua baino nahiago dut…: kantua! ‘Txan, txan, txan, irribarrez beteta, txan, txan, txan, jolasean beti!’.

Eta oraingoan bai, oraingoan Laranjatxuk etsi egin zuen, eta bere jaka laranja eta botatxo horiekin, aitonaren belaunetan eseri zen. Baina, hara non, liburua zabaltzean, sekulako animalia harrigarriak agertu zitzaizkion. Ai, oi, ei! Aitonak jirafen berri eman zion, eta elefanteena, eta errinozeroena, eta zebrena, eta krokodriloena, eta lehoiena… eta neskatila Afrikako sabana berdeetan sentitu zen.

Laranjatxu pozak txoratzen zegoen. Bazirudien animaliak liburuko orrialdeetatik irten, eta etxean sartzen zitzaizkiola.

Eta Laranjatxu ameslariak laster imajinatu zuen jirafaren lepoa txirrista bat zela eta bera handik txiribueltaka jausten zela. Elefantearen gainean ere irudikatu zuen bere burua, baina bai txikia halako animalia puskaren aldean! Zebra ikustean, azkenik, Sugar pottokarekin gogoratu zen, baina honakoa zuri-beltza eta marraduna zen; hainbeste marrarekin, zorabioa eragiten zuen eta, hala ere, gainean ibiltzeko, inondik ere egokiena zen.

Eta aitonak bilobaren poztasuna ikusi zuenean, ez bat eta ez bi, liburua itxi, kapelua jantzi, eta esan zion:

—Laranjatxu, goazen safari fotografiko bat egitera!

—Safa… ari, zer demontre da hori?

—Animaliei argazkiak ateratzea.

—Kikisai! —atera zitzaion Laranjatxuri, eta bere oihua irrintzi baten antzera zabaldu zen, Gasteizen hasi, eta Afrikako sabanaraino.

Autoan zeharkatu zuten hiria. Neskatilak uste zuen aitonaren autoan ziztuan iritsiko zirela Afrikara. Baina ez zen hala gertatu, edo bai… eta autoa leku ezkutu batean utzi zuten.

Florida parkeko zuhaitz pusken azpitik eta larreen gainetik ibili ziren. Eta, hara non, halako batean… krokodilo bat agertu zitzaien. Aitonak xuxurlatu zion hobe zutela isilka-misilka ibiltzea, halako piztiak bestela beldurtu egiten direlako, eta beharbada alde egin dezaketela; baina beharbada eraso ere egin dezaketela, eta hobe dela haien gainera ez igotzea eta argazkirik ez ateratzea.

Kuku-gordeka hurbildu ziren. Krokodiloak ez zuen zirkinik ere egin eta, ai, oi, ei, Laranjatxu ausarta gainera igo ez zitzaion ba! Buztanean koroa bat zeukan eta ahoa letagin beldurgarriz betea ikusi zion. Orduan, ezustean, aitonak argazki bat atera zuen, eta bai piztia bai neskatila irribarretsu agertzen dira bertan.

Krokodiloaren erreka atzean utzirik, basoan aurrera egin zuten eta oraingoan piztia ikaragarri bat bistatu zuten. Hankak eta sabela koraza gotor batean bilduak zuzkan eta bi adar ikusten zitzaizkion sudurraren eta kopetaren artean. A zer beldurra!

Beldurrak hilik, Laranjatxuk aitona besarkatu zuen. Hark ziurtatu zion animalia lasai zegoela eta, kontuz ibiliz gero, gainera igo zitekeela. Neskatilak ahalegina egin zuen eta hankalatraba egokitu zen errinozeroaren konkorraren eta belarrien artean. Irribarre handi bat atera zitzaion orduan. Halaxe amaitu zen ustekabeko Safari fotografiko gogoangarri hura.

Gero, etxean, gustura aritu ziren argazkiak ikusten eta berrikusten, eta gurasoak itzuli zirenean, Laranjatxu isildu ere ez zen egin: hainbeste gauza zituen erakusteko eta kontatzeko…! Eta, azken-azkenean, etxera bidean, hanka bakarrean jauzika, Laranjatxu kantuan hasi zen.

 

Hala bazan, ez bazan, sar dadila safarian eta

agertu dadila zoo zoroaren parkean.

Migel Argibay