HONDARTZA ETA ITSASOA
«Egia ala gezurra, begi bien artean sudurra» esaten dute Bizkaia aldean ipuinak amaitzeko orduan, baina istorio hau hasten ari da eta, gainera, Laranjatxuk kontatu zidan. Eta horrek esan nahi du ez dela gezurra, baizik eta egia, egia berdaderoa...
Uda zen, eguzki beteko egun eder bat, eta hemen hori ez da beti gertatzen. Hala bada, egun eguzkitsua bezain harrigarria zen eta, horrekin batera, zoragarria. Baina are zoragarriagoa gertatu zen: Laranjatxuren aitona-amonek baserria utzi, eta, ai, oi, ei!, bilobari hondartzara joatea proposatu zioten.
Laranjatxuk oso maite zuen baserria, baina primeran iruditu zitzaion aldaketa egitea. Gainera, neskatila apaina da, eta pinpirina, eta hondartzan aukera izango zuen bere kapelukote laranja janzteko, eta betaurreko ilunak erabiltzeko, eta bainujantzi berdea estreinatzeko.
Aitona-amonek hondartzarako guztia prestatu zuten. Alde batetik, hozkailu eramangarriko jan-edanak: ogitarteko txikiak hamaiketakoa egiteko, ura eta laranja zukua, kartoizko edalontziak eta lau jogurt. Eta, beste alde batetik, gorputza babesteko eguzki krema, eskuoihalak, lonak, hondar kiskalgarrian lasaiago ibiltzeko sandaliak, eta, azkenik, bainujantziak, batez ere Laranjatxuk artean estreinatu gabe zeukan bainujantzi berdea.
Aitonak eguzkitakoa hartu zuen, baina ezin hondartzako aulkiak eraman...
—Halako zamarekin, ez nuke nahi lunbagoak eraso egiterik...
Laranjatxuk galdetu zion:
—Nor da lunbago gaizto hori? Pisu handia daramazunean egiten du eraso?
Aitonak, orduan, barreka:
—Kur, kur, kur! Ez da inor, txiki, baina benetan gaiztoa da. Gerriko mina da, lunbagoa erasoan hasten denean ezin zara ibili ere egin...
Hitz eta pitz aritu ziren, eta bitartean Laranjatxuk bere kapelukote laranja jantzi zuen, baita eguzkitako betaurrekoak ere.
Hondartzarako prest, Laranjatxuk aktore xarmanta zirudien!
Baina goiza eguzkitan igarotzeko, ai, oi, ei!, makina bat traste eraman behar izan zuten. Ibilbidea laburra izan arren, aitona-amonak kantuan hasi ziren:
En el mar la vida es más sabrosa...
En el mar todo es felicidad...
Laranjatxuk ere, pozarren, kantatzeari ekin zion:
Que una concha nos sirva de abrigo...
Los peces de colores nos lleven a pasear...
Zein baino zein alaiago, aldapa berdeak utzi eta, egurrezko eskaileretan behera, urrezko hondarretara jaitsi ziren.
Ezer baino lehen, aitonak eguzkitakoa kokatu zuen. Segidan, amonak lonak zabaldu zituen. Horren ostean, arropak aldatzearekin batera, amona krema eman eta eman hasi zen. Baina ai, oi, ei, Laranjatxuri gehiegizkoa iruditu zitzaion: beharra baino gehiago beldurra iruditu zitzaion. Hala ere, isil-isilik egon zen, ondotxo baitzekien amonak izugarri maite zuela: hura bai egia berdaderoa!
Hondartzan jende gutxi zebilen eta umerik bat ere ez... A zer pena jolas-lagunik ez izatea! Laranjatxu noiz edo noiz amarekin joan izan zen hondartzara, eta jendetza topatu zuen halakoetan: asko eta asko eguzkitan, batzuk itsas bazterrean hara-honaka, beste batzuk palan edo boleibolean olgetan, eta haiekin batera surflariak, eta neska-mutikoak, oinak busti, ez busti, edo baloi puzgarri batekin bihurrikeriatan.
Dena dela, hobe zen hondartzara goiz samar joatea, eguzkiak bete-betean jotzen ez zuenean, hobe zen bazkalordurako etxera itzultzea, hain zuzen ere familia pila hondartzara jaisten zen bitartean. Aitona-amonak kontu-kontari ari ziren, eguzkiaren beroa desio zuten gero uraren freskura hobeto sentitzearren.
Laranjatxu berehala konturatu zen: ai, oi, ei, ez ote zegoen berarentzat plan hoberik!? Igerian jakin gabe, oinak baino ezin zituen busti, helduren baten laguntzarekin baino ezin zen bainatu.
Baina, esan bezala, goiztxo zen eta han ez zegoen jolas-lagunik, ez palan, ez futbolean, ez boleian, han ez zegoen inortxo ere hondarrezko gaztelu, harresi edo putzuak eraikitzen eta, ondorioz, ezin gero han bustialdi bat hartu, Jacuzzi batean bezala, bere bainujantzi berriarekin, bere kapelukote eta eguzkitako betaurrekoekin.
Amonak antzeman egin zion:
—Ez geratu gurekin eguzkitakoaren azpian, aspertu egingo zara bestela. Zoaz itsas bazterrera, eraman kuboa, pala eta arrastelua, eta baietz primeran ibili.
Laranjatxuk ez zion guztiz sinetsi, baina zer erremedio... eta halaxe joan zen. Eta hondar bustiarekin gaztelu bat eraiki zuen.
Baina, hara non, ezustean surflari bat agertu zen eta ia gaztelua hautsi eta birrindu egin zion.
Laranjantxuk pentsatu zuen: ‘Agian hobe da gaztelua txikitzea, ea goiza apur bat animatzen den’. Eta pentsa eta pentsa jarraitu zuen: ‘Hau bai goiz aspergarria. Jenderik ez, alaitasunik ez. Itsasoak olatua dakar, eta bakardadeak tristura. Ai, oi, ei, benetako tristura!’.
Neskatilak ondorio bat atera zuen: aitona-amonek ez zuten oso burutazio ona izan eta berak ondo pasatu nahi zuen...!
Laranjatxu korrika hasi zen hondartzan. Kometa bat eraman izan balu sikiera...!
Agian aitona jolastera animatuko zen. Gaztelura iritsi zen, halako amorrazioarekin txiki-txiki egingo zuela erabaki zuen, baina hara non..., hara non olatu batek ertzeraino ekarritako zerbait ikusi zuen.
Deskubrimenduak poz apur bat ekarri zion: itsas kurkuilu bat zen, barrena gorrixka eta azal zurixka zuena. Benetan ederra iruditu zitzaion. Sekula ez zuen halakorik ikusi.
Eskuetan hartuta, leuna bezain gogorra iritzi zion. Are barrurago begiratzen saiatu zen, baina zirrikitu estuegia izan... eta ezin ezer ikusi. Eta, hala ere, zerbait entzun zuen. Eta itsas kurkuilua belarrira hurbildurik, ai, oi, ei, itsasoaren orroa entzun ez zuen ba! Hamaika hots ziren, hamaika ahots itsastiar.
Kurkuiluak harea zeukanez bai barnean bai kanpoan, Laranjatxu itsasora hurbildu zen. Ura belaunetaraino iritsi zitzaionean, kurkuilua garbitzeari ekin zion, ia hondarrik gabe utzi arte.
Itsas kurkuilua garbitu bezain laster, olatu mehatxukor bat hurbildu zitzaion, seguruenik berari itzulipurdi bat emateko asmotan, baina neskatilak ziztu bizian alde egin zuen.
Itsas kurkuilua eta kapelukotearekin batera, Laranjatxuk kuboa, pala eta arrastelua jaso, eta arin baino arinago joan zen amonarengana: bere deskubrimendua erakusteko irrikaz zegoen.
—Amona, amonatxo! Begira zer topatu dudan! Ez dakit zer arraio den, baina belarrira hurbilduz gero, baietz itsasoaren ahotsak entzun!
—Zu bai zu! —esan zion amonak, eta benetan poztu zen, izan ere gure hondartzetan gutxitan agertzen baitira halakoak.
Laster hamaikak jo zuten eta Laranjatxuk, noski, hamaiketakoa hartu zuen. Gozooo...! Eta bien bitartean belarria kurkuiluan pega-pega eginda izan zuen, itsasoaren hizkerak entzun eta ulertu nahian. Eta lo seko geratu zen azkenean.
Neskatilak ez zekien bere bizitzako momenturik ederrenetakoa bizitzeko zorian zegoela.
Oraindik ere ez daki benetan esnatu zen edo ametsetan jarraitu zuen, baina begiak zabaltzean emakume ñimiño bat ikusi zuen bere kurkuiluan eserita.
Eta emakumea, goxo, berari zuzendu zitzaion:
—Kaixo, Laranjatxu, Itsaso nauzu, itsas lamia bat, hau da, ur gazietako maitagarri antzeko bat. Izugarri gustatu zait nola garbitu duzun kurkuilua, bai barnetik bai kanpotik, eta nola babestu duzun olatu batek itzulipurdika eraman behar zintuenean.
—Zuk..., zuk nola dakizu hori...? —esan zion Laranjatxuk, kapelukote laranjari eraginez.
—Lamia izateaz gain, aztia naizelako: ezagutzen dut zure izena eta badakit zer gertatu den ni itsas kurkuiluaren barnean nentorrelako, etxea ertzean hondarrez bete zaidanean.
Ni ere hasi naiz harea umela ateratzen, baina zuk hobeto eta fin-fin egin duzu. Minik ere ez dut hartu kanpora jausi naizenean.
Zintzoa zara, badakit, eta ausarta, baina aspertzen ari zinen, eta gogaitzen.
Horrexegatik, kurkuilua belarrira hurbildu duzunean, itsas kantuak xuxurlatzen hasi natzaizu.
—Hortaz..., zure kantuak itsas doinuak dira...
—Halako zerbait, eta ni ere pinpirina bainaiz, aitortuko dizut itsasoko ahotsik politenetakoa dudala, eta gai naizela olatuen eta baleen kantuak xaramelatzeko, baita izurdeen barreak ere: txikitxoa naiz, baina artista handia ere bai. Dena dela, orain ez zara gehiago aspertuko: zer iruditzen zaizu itsasalditxo bat egiten badugu?
—Baina ez dakit igerian, eta urpean ezin dut arnasa hartu...
—Kurkuilu gainean joango gara.
Itsasok orduan makilatxo magiko bat hartu, eta esan zuen:
—Itsasokoa lehen, lehorrekoa hemen, hartu ezazu kemen.
Eta Laranjatxu txiker-txikerra bihurtu zen eta Itsasorekin batera egokitu zen kurkuilu gainean. Olatu bat baliatu zuten abiada hartzeko eta, ai, oi, ei, ustekabean itsasoan barrena abiatu ziren! Hondartzan inortxo ere ez zen konturatu.
Laranjatxuk esan zuen:
—Aitona-amonek kezkatzen naute: nire kapelukote laranja ikustean pentsatuko dute galdu egin naizela...
—Esan dizut aztia naizela... Jendeak han ikusiko zaitu, lo, hantxe egongo bazina bezalaxe.
—Bi tokitan aldi berean, han eta hemen, kurkuiluan ziztuan...?
—Horixe duzu magiaren eta ametsen misterioa. Ez egin galdera gehiago eta goazen, fiu, fiuuu!
Hala bada, baleen eta olagarroen artean bidaiatu zuten, eta uretan hegan mugitzen diren manta-arraiak ere gurutzatu zituzten.
Baina izurdeak, dortokak eta burbinak ere ikusi zituzten. Itsasoan barrena, koral-hesi bat ere zeharkatu zuten, koloretako arrainez josia, eta bidaia benetan gogoangarria izan zen. Laranjatxuk, noski, ezin zuen jakin halakoak Australian edo Kariben baino ez direla ikusten... Baina Itsasorekin dena zen posible!
Baina itsas hondoko bidaldia gehien gozatzen ari zenean, urak kolore urdina hartu zuen eta Laranjatxuk Itsaso agurtzen ikusi zuen. Ezustean, itotzen ari zela sentitu zuen,
baina ez: begiak zabaldu, eta jauzi egin zuen bere koltxoneta purpuraren gainean. Eguzkitako berde-horiaren azpian zegoen.
Aitona-amonek lotan ikusi zutenean, bustialdi bat hartzera joan ziren. Eta Laranjatxuk alboan zeukan kurkuilua
Kapelukote laranjari eraginez, neskatilak kurkuilua jaso, eta itsas bazterrera jo zuen. Txora-txora eginda egon zen urdintasun betearen azpian, baina pentsatu zuen iluntzean ardoaren kolorea nagusituko zela. Segidan, itsas kurkuilua belarrietara
hurbildu, eta irribarre egin zuen: ai, oi, ei, gazian gozo, horra hor Itsasoren kantu amaigabeak!