Mensaje de error

Deprecated function: Optional parameter $input declared before required parameter $form_state is implicitly treated as a required parameter in include_once() (line 1442 of includes/bootstrap.inc).

Laranjatxu eta Sugar

LARANJATXU ETA SUGAR

Ipuin hau amaieratik hasten da, baina hauxe duzu hasiera…

Orain dela gutxi gertatu zen, eta hemendik oso gertu… Ez, hemendik oso gertu gertatu da.

Hau burua hau! Eta ea, hasiera behar baldin badugu, hona hemen hasiera eta horra hor Laranjatxu! Neskatila xarmantari halaxe esaten diote, Laranjatxu, kolore bereko txanoa daukalako. Laranjatxu benetan alaia da, benetan bihurria, jolasa du ugaria, baina loa urria, ai, oi, ei, Laranjatxuk loa du urria!

Laranjatxuk lo gutxi egiten du, baina ametsak… amets asko eta asko egiten ditu. Eta ametsetan, hara non zaldi txiki eta gorri batek ilargiraino eramaten duen, eta izarretaraino. Zapla-zapla, zeruraino.

Eta hara non goizean amonak zaldi txiki bat oparitu dion. Trapuzkoa eta, batez ere, gorria! Trapuzko zaldi txiki gorri bat! Eta leuna, eta goxoa, eta benetakoa. Zaldia gora eta zaldia behera, Laranjatxu pozarren dabil egunez eta pozarren dabil gauez, kotoizko ametsetan.

Zaldia lagun, zaldia besarkaturik, Laranjatxu hara eta hona dabil. Eta herria erakusten dio zaldiari, eta hemengo eta hango baserria, eta basoa, eta Laranjatxu badator eta badoa, zaldia galdu ez dadin inondik inora.

Baina joan, joan, beti joan, hau erakutsi, bestea erakutsi, azkenean Laranjatxu galdu egin da, eta galdu egin da zaldi txiki gorria. Ai, oi, ei, zaldi txiki gogoangarria! Zaldia leuna da, eta goxoa, baina trapuzkoa ere bai, eta oraindik ez du ikasi baserrirako bidea.

Ttipi-ttapa, Laranjatxu belardi batera iritsi da. Ardi bat ikusi du han, eta pottoka bat alboan. Eta hara non pottokaren kolorea eta bere berokiarena berdina den: laranja erabatekoa eta guztizkoa!

—Zer duzu neskatila? Urrunetik entzun dut zure negar zotina, eta benetan pizten didazu bihotzeko mina– dio pottokak.

—Galdu egin naiz, eta galdu egin da nire zaldi txiki gorria. Trapuzkoa da gajoa, eta oraindik ez du ikasi etxerako bidea.

—Ni Sugar naiz, eta gorria da nire kalparra. Eta zuk, nola duzu izena?

—Hara! Ba niri Laranjatxu esaten didate, gorria delako nire berokia.

Eta Laranjatxu eta Sugar bat-batean egin dira adiskide.

—Su eta gar gidatuko zaitut baserriraino. Goazen galapan!

Eta hara non pottokak kasik eraman duen ilargiraino, eta izarretaraino… eta basoak zeharkatu dituzte, eta belardiak gurutzatu dituzte… Baina ametsa benetakoa da orain, eta Laranjatxu eta zaldi txiki gorria baserrira iritsi dira. Hau poza! Ai, oi, ei! Hau bai benetako poza!

Amonak eskerrak eman dizkio Sugarri. Eta ur ugari pottoka delako egarri, eta belarrik goxoena pottoka delako gose. Eta Sugarren kalparra laranjazkoa da, eta Laranjatxuren poza ere lanranjazkoa da, eta orain batzuetan belardi berdeetara joaten dira, galapan, eta beti-beti, zaldi txiki gorriarekin batera.

 

Laranjatxu bazan, ez bazan,

ager dadila Sugarren matazan.