Lagun batek kontatu zidan duela gutxi zergatik erabaki zuen medikuntza ikastea. Neskatoa zelarik ezin zuen jasan aitona ohean etzanik ikustea, gaixo.
Hainbeste maite zuen aitona hura, horren handia, horren gihartsua izan zena ordura arte. Eskutik helduta egiten zituzten mendi bueltak elkarrekin, aitonak eta ilobak. Eskutik heltzen zion orduan ere aitonari baina kexu zelako ohean. Orduantxe erabaki omen zuen medikua izatea, ezin zuelako jasan aitonaren sufrimendua. Medikua izango zen eta maite zuen jendea libratuko zuen heriotzatik. Tamalez, urteekin konturatuko zen neskatotan izan zuen uste hura inozoa zela erabat, munduko ikasketa guztiak egin arren ez dagoela inor libratzerik heriotzatik. Asko jota behin-behineko garaipenen bat lortuko zuela, bizia ahalik eta gehien luzatzea.
Idazleak ere neskato haren antzeko asmoa du barru-barrutik: idazlea heriotzari gailendu nahi zaio beti. Hortxe dabil harekin lehian, medikua izango balitz bezala. Idazleak jaso egin nahi du une oro galtzen ari den hori. Jaso nahi ditu bizipenak, ikusten dituenak eta entzuten dituenak, oroitzapenak eta pentsamenduak paperera ekarri nahi ditu gal ez daitezen betirako. Uste du zer edo zer behintzat lapurtuko diola heriotzari, den-dena ez dela ahaztuko, maite dituen horiek bizi egingo direla nolabait paperean geratzen badira irarriak. Bere asmoa haur batena bezain inozoa dela jakin arren, edo horrexegatik beragatik agian.