Kopiatzea ez dago ondo ikusia. Zerbaitek balioa izateko originala izan behar omen du, jatorrizkoa.
Kopiak gara, baina kopiak baino zerbait gehiago ere. Larretik loreak jasotzen ari den neskatila baten antzera, han eta hemen hazten diren loreen artean zeintzuk jaso erabakitzen dugu eta gero horiekin lore sorta egiten dugu, gure erara. Lore berdinekin bi pertsonek lore sorta oso ezberdinak egin ahal dituzte. Horregatik, paradoxa dirudien arren, askotan kopiatzetik sortzen da originaltasuna.
Idazle on eta originalenek ere nola ikasi dute bada idazten? Irakurtzen, dudarik gabe. Eta ziur idazle horiek irakurri duten idazlan bakoitzetik loretxo bat hartu dutela, euren lore sorta osatuz joateko. Besteen ekarpenek emandako munduaren ikuspegi zabalaz baliaturik, mundua nola ikusten duten erakusten digute esaldi bakoitzean.
Kopiak gara. Baina kopiak baino zerbait gehiago ere bagara, kopiatzen duguna geure zetabetik pasatzen dugulako eta behin handik pasatu ondoren, zerbait berria baita, originala, geurea. Beste norbaitek inoiz kopiatu dezakeen zerbait.