Joserra Gartzia - Bikote progrea

Irakurlea: Pako Eizagirre - Iturria: “Egonean doazen geziak” 
Bazen behin bikote “progre” bat.
Autoa bere lekutik desagertu zen egunean, sekulakoak eta bi esan zituzten lapurren eta -batez ere- horrelako jendea sortarazten duen gizarte-munduaren kontra.
=================================

Handik pare bat egunera, desagertutako lekuan agertu zen berriro autoa, oso-osorik. Barruan lore-sorta bat eta honako ohar hau: “Barkatu autoa eraman izana. Hil edo biziko larrialdia izan dugu, eta zuei egokitu zaizue. Sentitzen dugu”. Lore-sorta eta oharrarekin batera, operarako bi txartel: “Onar ezazue opari xume hau kalte-ordaintzat”.

Gizartearekin adiskideturik, abiatu da gure bikotea operara. Handik etxeraturik, etxea hankaz gora topatu dute, baliozko zer guztiak falta direla.

Bikote “progre” bat gutxiago dago, egun hartatik, munduan.


 

Joserra Gartzia