Saguzarrak eta pertsona itsuak

http://aittu.podomatic.com/entry/2007-12-28T13_22_04-08_00

Testua: Elhuyar - Irakurlea: Mari Jose Uranga - Iturria: Elhuyar aldizkaria

Saguzarrak ez dira itsuak, askok hala uste arren, baina ekolokazioaz baliatzen dira gauez ikusteko. Orain pertsona itsuentzat baliatu dute sistema hori.

 

Ez, ez saguzarrak ez dira itsuak, baina, normalean, ekolokazioaz baliatzen dira inguruan zer duten ohartzeko. Hau da, ultrasoinuak sortzen dituzte eta, horien oihartzuna jasotzean, inguruan zer duten jabetzen dira. Guk argia erabiltzen dugu ikusteko eta saguzarrek soinua.

Saguzarren ekolokazio hori da RADARa eta sonarra sortzeko gizakiok ‘kopiatu’ genuena. Orain pertsona itsuak inguruaz jabetzeko bidea bilakatu da. Itsuen makilak ultrasoinu-pultsuak igortzen ditu –60.000 pultsu segundoko– eta, bueltan jasotzean, inguruan duenaren informazioa biltzen du. Baina informazio hori pantaila edo mapa batean irudikatu ordez, itsuen makilan jarritako lau kuxinetara bideratzen du. Itsuak, kuxin horien bidez, eskuan sentitzen du ultrasoinuen oihartzuna zenbatekoa izan den; seinaleak zenbat eta azkarragoak eta nabarmenagoak izan, orduan eta hurbilago dago bideko oztopoa.

Horrela, hiru dimentsioko irudia jaso dezake itsuak. Hori bai, hiru metroren barruan dagoenaren berri ematen du soilik.

Aurrez trebakuntza txiki bat jasotako 25 lagunekin egin dituzte probak eta asmakizuna salgai jartzeko asmoa dute.