http://aittu.podomatic.com/entry/2014-02-27T05_37_11-08_00
Testua: Ibon Larrazabal - Irakurlea: Pako Eizagirre - Iturria: ARGIA astekaria
Mexiko hiritik 45 Km-ra Mexiko estatuan turista gehien biltzen dituen aztarnategi arkeologikoa aurkitzen da: Teotihuacan.
Bertan hain ezagunak diren Eguzkiaren Piramidea, Ilargiaren Piramidea, Lumadun Sugearena edo Hildakoen Galtzada aurkitzen dira. Hiri hau Ameriketako kolonaurreko hiri handiena izan zen eta baita Mendebaldeko Hemisferioko hiri zaharrenetariko bat. Teotihuacan izenak “Jainkoen Hiria “ edo “Jainkoak eginak diren hiria” esan nahi du azteka hizkuntzan, aztekek jarri baitzioten izena hiriari. Baina ez zuten haiek eraiki, aztekek hiria aurkitu zutenerako Teotihuacan 500 urte baitzeraman abandonaturik!
Halaxe da, Teotihuacan hiriaren urrezko garaia K.a. I. mendetik K.o. VII. mendera luzatu baitzen. Garai horretan 100.000 eta 250.000 biztanle artean batzen ziren hiri barnean; milaka etxebizitza eta dozenaka tenplu zeuzkan eta 21 Km2-ko zabalera izatera heldu zen.
Nork eraiki zuen beraz? Galdera horren erantzuna egun oraindik misterio bat da, teoria ezberdinak proposatu badira ere, bat ere ez baita baieztatu.
Aurrekoaz gainera beste galderak planteatzen ditu Teotihuacanek: zein izan zen hiriaren gainbeheraren arrazoia? Eta arkeologo adituen esanetan garrantzitsuena dena: Zergatik iraun zuen hainbeste denbora? Zeintzuk izan ziren hainbesterako egonkortasuna ekarri zuten gizarte, politika eta erlijio egiturak?
Hiria eraiki zutenen jatorria azaltzerakoan, aditu batzuek Tolteka kultura proposatu zuten, baina teoria hau baztertua izan zen, Toltekak Teotihuacan hiriaren urrezko garaia baino askoz beranduago garatu baitziren. Beste batzuek Totonak kultura edo Nahua kultura proposatzen dute hiriaren eraikitzaile bezala, baina frogarik gabe. Dena dela, eraikitzaile nagusiak nortzuk izan ziren argi ez badago ere, argi badagoena zera da, Teotihuacanen jatorri ezberdineko giza taldeak bildu zirela kultura anitzeko gizarte batean, haien artean, zapotekoak, maiak eta mixtekoak. Teoria batek zera defendatzen du, sumendi baten leherketak jatorri ezberdineko migratzaile taldeak bildu zituela Teotihuacan haranean, eta migratzaile talde hauek hazten zegoen hiria indartzen eta zabaltzen bultzatu zutela. Teotihuacan politika eta merkataritza gune garrantzitsu bat izan zen eta bere eragina handia izan zen eskualdean, beste aztarnategi askotan bertako objektuak aurkitu izateak frogatzen duenez.
Gainbeherari dagokionez ere teoriak baino besterik ez daukagu, hauen artean beheko gizarte mailetako taldeen matxinada, ezegonkortasun politikoa edo klima aldaketak.
Dena dela oraindik asko dago Tehotihuacanen ikertzeko eta ikasteko, hiriaren aztarnetako %5 besterik ez baitute arkeologoek induskatu. Induskatutako %5 horretan kulturaren ezaugarrien zantzu beldurgarri batzuk aurkitu dira, hala nola, animali eta gizakien sakrifizioak erruz praktikatzen zituztela. Adibidez Lumadun Sugearen piramidean burua moztuta daukaten 200 gorpu aurkitu dira, piramidearen maila bakoitza santifikatzeko modu bezala.
Gainerako %95a azaleratzean zer aurkituko dugu hortaz?