Dortokaren estrategia

Ipuina: Afrika kontuan

Dortokak hilabeteak zeramatzan txerriari zorretan utzitako erosketak ordaindu gabe. Behin, ordea, txerriak dirua eskatu zion:
-Nahikoa itxaron dut, zor didazuna ordaindu behar didazu!
-Ados. Zatoz bihar nire etxera eta dirua prest edukiko dut.
Biharamunean, txerria dortokaren etxera joan zen, adostu bezala.
Txerria atera hurbiltzen ari zela entzutean, atera eta ordaindu beharrean, dortoka oskolaren barruan sartu zen.
Berehalakoan, dortoka andrea aleak ehotzen hasi zen bere senarraren oskolaren gainean, dortoka lanerako harri bat izango balitz bezala.
Txerriak dortoka andrea agurtu zuen iristean baina hark ez zion erantzun eta ez ikusiarena egin zuen.
Txerriari jarrera hura susmagarria iruditu zitzaion. Zorrak ez ordaintzeko dortokaren trikimailu bat zela pentsatu zuen eta haserretu egin zen.
-Ez al didazu entzun, ala? –esan zuen oihuka. Kasu egin ziezaion, aleak ehotzeko erabiltzen ari zen harria hartu eta leihotik behera bota zuen. Ez zen ohartu, ordea, dortoka familiak horixe bera egitea nahi zuela.
Dortoka basora erori zen eta erori bezain laster jaiki eta zuhaixka eta zuhaitz artean ezkutatu zen.
Dortoka andrea oihuka hasi zen:
-Baina zer duzu? –galdetu zion txerriak. Bota duzun harri horretan
gordetzen dut dirua! Nire senarrak zor dizuna kobratu nahi izanez gero, harria aurkitu behar duzu, bestela ezingo dizugu ordaindu.
Entzundakoa sinetsita, txerriak familia osoari dei egin zion basoan harria bilatzeko, ez baitzekien nora bota zuen “harria”.
Baso osoan ibili ziren harriaren bila, aurkitzen zituzten harri guztiak mugituz eta banan-banan txerriari erakutsiz, hura ezagutzen zuen galdetzeko.
Ez zuten harria aurkitu, jakina. Izan ere, esan dugun moduan, lur hartu bezain laster, etxetik urrun ezkutatzera joan zen dortoka.