HIRU LEHOI
Mapa zahar bat eman zion amonak Duniari, eta hauxe esan zion:
- Entzun ongi, biloba maitea. Nire buruak sorbalden gainean segituko du, baina gogoa beste leku batzuetan izango dut laster. Mundu honetatik aparte, segur aski. Eta hori gertatu baino lehen, zurekin partekatu nahi dut nire bizitzako sekreturik handiena.
- Nirekin, amona? —galdetu zuen Duniak, guztiz harrituta.
- Zurekin, bai —erantzun zion amonak.
- Begira —azaldu zion—, mapa zahar honek gordetzen du aspaldiko sekretua. Harrezkero, nire bizitzan gauza asko eta asko gertatu dira, baina sekretuak bere horretantxe jarraitzen du: lurraren azpi-azpian eta hiru lehoik zainduta.
- Aspaldiko sekretu bat? Lurraren azpi-azpian? Eta hiru lehoik zainduta, amona?
- Bai, bilobatxo. Orain arte ezkutuan gordetako mapak azaltzen du altxorra non dagoen eta bertara ailegatzeko bidea zein den.
- Beraz, horrek esan nahi du… gaztetan zu…
- Ni gaztetan,,, Orain horrek ez dauka garrantzirik eta, gainera, ez dut horretaz hitz egin nahi. Eztzun ongi, laztana: altxor bati buruz ari naiz, eta mapa horretan jasota dago non dagoen. Sinetsidazu.
- Amona, sinesten dizut! —erantzun zion Duniak; amonaren begiek ez zuten inoiz gezurrik esaten.
Mapari jarraituz, abentura handiak bizi izan zituen Duniak. Tontor handiak igo behar izan zituen, itsaso zabalak nabigatu, basamortu hilgarriak zeharkatu, amildegi arriskutsuak saihestu. Azkenik, kilo batzuk galdu eta hamaika oinetako urratu ondoren, helburua lortu zuen: mapa zaharreko X-ean zegoen.
Ia atsedenik hartu gabe, pikotxa hartu eta lurra zulatzen hasi zen Dunia. Lehen kolpean, bat-batean, lehoi beltz handi bat agertu zitzaion. Lehoia Duniaren eskuinean jarri zen, baina ez zion ezer esan. Pikotxari ekin zion bigarren aldian, lehoi gorri handi bat agertu zen. Lehoia Duniaren ezkerrean geratu zen, baina ez zion ezer esan. Hirugarrenean, lehoi berde handi bat agertu zen. Lehoia Duniaren atzean gelditu zen, baina isilik geratu zen.
Laugarren pikotx kolpea ematekotan zegoenean, hiru lehoian aurrean jarri zitzaizkion eta galdetu zioten:
—Nor zara zu? —beltzak.
—Zer egiten ari zara hemen? —gorriak.
—Zeren bila zabiltza? —berdeak
Duniak azaldu zien altxorraren jabearen biloba zela, baina lehoiak ez ziren fidatzen.
—Altxorraren jabea “zure” amona dela diozu. Egiazta dezagun, bada —esan zuen beltzak.
Guk ondo ezagutzen dugu “zure” amona, eta badakigu zer egin nahi zuen altxorrarekin —esan zuen gorriak.
—Hiru aukera izango dituzu, gainditu beharreko hiru proba. “Zure” amonaren benetako biloba bazara, ez duzu arazorik izango —esan zuen berdeak.
—Probetan asmatzen baduzu gu desagertu egingo gara, banan-banan. Huts egiten baduzu, ordea, irentsi egingo zaitugu gezurretan ibiltzeagatik —esan zuten hiru lehoiek batera.
—Ados —erantzun zuen Duniak, ahotsak dar-dar egiten ziola.
Duniak pikotxari ekin zion berriro ere. Orduak eman zituen jo eta ke, gogor. Halako batean, pikotxaren metalak bestelako soinu bat atera zuen: egurrezko kutxa zahar bat zegoen zuloaren hondoan. Hura zen altxorra, bai, txanpon eta bitxiz betea. Amona berarekin harro egongo zela pentsatu zuen Duniak.
Zulotik atera eta berehala inguratu zuten Dunia hiru lehoiek.
—Lehen proba —esan zuen beltzak—. Tren bat hartuko duzu infernura joateko. Eta deabruaren eraztun bat ekarri beharko diguzu handik, “zure” amona bezain ausarta zarela erakusteko.
Trena hartu eta gutxira bueltatu zen Dunia eraztun batekin.
—Nola lortu duzu hain azkar? —galdetu zuen beltzak.
—Ez galdetu zergatik, baina infernuko atarira hurbildu orduko han zegoen deabria. Txizalarriak jota nengoela esan eta, mesedez, komuna non zegoen galdetu diot. Berak hatz erakuslearekin seinalatu du lekua. Une horretan eraztuna hatzetik kendu diot eta ospa egin dut ziztuan.
Kontakizuna bukatu orduko lehoi beltza desagertu egin zen.
—Bigarren proba —iragarri zuen gorriak—. Harriz betetako eremu baten gainetik pasatu beharko duzu, “zure” amona bezain azkarra zarela erakusteko. Ahaztu zait esatea harri asko kristal finezkoak direla, eta horietakoren bat zapaldu eta hautsiz gero, zulo sakon batean eroriko zarela. Betiko.
Biharamunean han zen Dunia berriz ere.
—Nola lortu duzu harria eta kristala bereiztea? —galdetu zuen gorriak.
—Gauak lagundu dit: ilargiaren argiak esan dit non zegoen benetako harria eta non kristala. Dirdiragatik ezberdindu ditut. Gainerakoan, paseo polita izan da.
Kontakizuna bukatu orduko lehoi gorria desagertu egin zen.
—Hirugarren proba —esan zuen berdeak ezin serioago—. Zailena. Pertsona bakar batek bakarrik eragin dit barrea bizitza osoan. Horretan ere aparta zen “zure” amona. Bost minutu dituzu horretarako.
—Amona mundiala da barre eginarazten, bai. Oroiren zara… —hasi zen Dunia.
—Bai! Urte asko pasa dira, baina gogoan dut, adibidez, dentistarengana joan zen tigrearen txistea… zein ona! —erantzun zion barrezka lehoi berdeak.
—… nik ere ezagutzen dut…—esan zuen Duniak, bera ere barrezka —pentsatu hutsarekin… —gero eta barre handiagoak eginez— … beldurrak jota, gaixoa… —algaraka Duniak.
—Dentista beldurrak jota… —irriz eta barrez hasi zen lehoia— … zein ona txis… —jarraitu zuen desagertu zen arte.
Hiru lehoiak desagertuta, altxorra X berri batean gordetzea erabaki zuen Duniak. Handik aurrera, amonak bezala, sekretu bat izango zuen. Bizitzaren bide luzeak erakutsiko zien norekin partekatu.
Azken lur palakada altxorraren gainean bota eta hiru arrano agertu ziren zeruan. Bat, beltza zen. Beste bat, gorria. Eta hirugarrena, berdea.