OTSO ARRAUTZA
Goroldio apur batez, lau abarrez eta hiru eskukada buztinez, bere habia eraiki zuen Otsok gaztainondoaren zortzigarren adarrean. (jakina baita zortzigarren adarrak basoko bista ederrenak eskaintzen dituela)
Behin etxe berriko obra bukatuta, Otso habiaren erdian eroso eseri eta kutxa bat zabaldu zuen, bere altxor preziatuenak gordetzen zituena: dozena eta erdi arrano luma eta beste dozena bat miru beltzenak, alegia.
Arranoen lumak eskuetan lotu zituen eta miruenak, berriz, buztanean. Eta modu xelebre horretan jantzita, habiaren zoruan arrautza bat erruten jardun zuen.
Auzokideek mesfidantzaz begiratzen zioten.
Eta beharbada begiratua izateak urduri jartzen zuelako, ala akaso gorputza jarrera txarrean zeukalako, Otsok sabeleko min ikaragarria hartu zuen.
“Badator” pentsatu zuen. “Hemen dago nire arrautza kuttuna.
Bultzatu txiki bat eta…”
EZER EZ! Sabeleko min hura alarma faltsua izan zen. Dena den, Otsok ez zuen etsi eta ondorengo egunak ere ipurdia habian iltzatuta igaro zituen.
Eta zazpigarren egunean, asper-asper eginda, habia utzi eta bueltatxo bat ematera irten zen.
Etxetik urrun zegoela, hodei ñimiño, gris eta apetatsu bat gaztainondoaren zortzigarren adarraren gainean pausatu, eta ping-pong pilota baten tamainako txingorrak bota zituen.
A ze nolako ezustekoa hartu zuen Otsok paseotik bueltan!
Habian bost arrautza jarri berri eta distiratsu zituen zain (ping-pong pilota baten tamainakoak, jakina!)
Pozaren pozez, eta kontu handiz arrautzak ez zapaltzeko, Otso txitatzera eseri zen.
“UI!”, jauzi txiki bat eman zuen. “Ez nekien arrautza jarri berriak hain hotzak zirenik. Orain badakit zergatik behar duten beroa.”
Minutu batzuk geroago, Otsok ipurdia izoztuta eta mela-mela eginda antzeman zuen: “Horrela izan beharko alda?”, galdetu zion bere buruari ipurdi azpira begiratzera ausartu gabe.
Handik gutxira, putzu txiki hotz batean eserita zegoela sumatuz, ipurdi azpikoari begiratzera ausartu eta… Arrautzak desagertuak ziren!
Habiaren erdia urak hartua zuen.
Beste erdia Otsoren malkoek bete zuten.
“Ez dakit egiten! Otso inozo bat baino ez naiz. Txori txikienak ere badaki arrautzak erruten, eta nik, ordea…. BUAHHHHHH!.
Otso oso triste zegoela ikusita, auzokideek adorea eman nahi izan zioten. Kardantxilok kanta eder bat oparitu zion. Martin Arrantzaleak amuarrain potolo bat harrapatu zuen Otsorentzat. Okilak egurrezko arrautza bat landu eta Kolibrik hamaika kolorez pintatu zuen.
Baina Otsoren mina kontsolaezina zen. Kanta airean barrena galdu zen, amuarraina errekara itzuli zen, eta koloretako arrautza Kandensky museora eraman zuten.
Zorionez, luze gabe, Otsoren ezbeharra poz handia bihurtu zen. Kuku bat (despistatua bezain miopea) gaztainondoaren zortzigarren adarreko habian pausatu, arrautza bat errun eta alde egin zuen.
Poz-pozik, Otsok lau haizetara zabaldu zuen bere esker ona:
ESKERRIK ASKO!
Oraingoan bai: Otsok bazeukan benetako arrautza bat, atsedenik gabe txitatu zuena eta, noizean behin, buztanaz distira ateratzen ziona. Ez zegoen baso hartan Otsorena baino arrautsa distiratsuagorik.
Txitaldiak hamabi egun iraun zuen: igande goiz batean hasi eta ostegun arratsalde batean bukatu zen.
AMA!!
Hitz magiko hura entzun orduko, Otso malkotan urtu zen.
Jaioberriak txioka eman zituen jaio osteko bost orduak. Txio haiekin habia dardarka zegon.
—Txio egin du, gaixoa goseak dagoelako! –esan zion Otsori auzokide batek-. Ez da isilduko tripatxoa bapo bete arte.
Ez zegoen denborarik galtzeko. Hazkuntza garaia zen basoan. Jarduera frenetikoa zen. Hegaztien joan-etorriek liluratuta zeukaten Otso.
Eta hegaztien egitekoak ikasita zegoela uste izan zuenean, lanari ekin zion.
Otso erdipurdiko ehiztaria izan arren, KUk (horrelako izena eman zion Otsok bere txitatxoari) platera leporaino beteta izaten zuen egunero,. Eta oso tripontzia zenez, bi aste baino ez zituela, Kuk oilo heldu bat ematen zuen.
—Txita honek argaldu behar du – esaten zioten auzokideek-. Gizentzen jarraituz gero lehertu egingo da. Kirola egin behar du. Hegan egiten erakutsi beharko zenioke. “Kuxkuxero hutsak badira ere, oraingoan auzokideek arrazoi osoa daukate”, pentsatu zuen Otsok. “Kuk indioilar bete bat ematen du. Hegan egite hasi beharko luke”.
Horiek horrela, Otsok hegan ikasteko ardura hartu zuen.
Arrano lumak eskuetan hartu, miru beltzenak buztanean, eta gaztainondoaren zortzigarren adarraren puntaraino ibili zen.
—Seme kuttuna, gaur hegan egiten ikasiko duzu –esan zion Kuri- .
Adi, nire mugimendu guztiak imitatu beharko dituzu eta.
Eta tranpolinetik igerilekura salto egin beharko balu bezala, Otsok hegalak zabaldu eta (naturak lagunduko ziolakon) lurrerantz amildu zen.
Otsok egundoko kolpea hartu zuen. PLAST!
Jarraian, zintzo-zintzo, Kuk aitatxoren mugimenduak imitatu zituen. PLAST!
Eta munduan Otso baino burugogorragorik ez dagoenez, oraindik ere, beste hogeita lau aldiz egin zuen salto. Plast! Plast! Plast! Plast! Plast!
Eta Kuk, oso esaneko, aitatxoren saiakera eta mugimendu guztiak hogeita lau bider imitatu zituen. Plast! Plast! Plast! Plast! Plast!
Auzokideek, begiak itxita, ez zuten begiratu nahi.
—Berriz ere ahaleginduz gero, 112ra deituko dut Ku ospitalera eraman dezaten, eta 091ra, Otso atxilotu dezaten –esan zuen Mika-Pika andereak.
Auzokideen mehatxuei kasurik egin gabe, Otsok hogeita seigarren jauzia egin zuen. Emaitza, ordea, aurreko hogeita bosten bera izan zen.
Hala ere, eta zorionez, Kuri ez zitzaion aitarena gertatu, PLAST! beldurgarriaren aurretik, haize-bolada batek hegalak harrotu eta, batek daki nola eta zergatik, hegan hasi zen.
Lur gogorretik, minak tolestuta, Otsok erpurua harro jaso eta oihu egin zion bere kumeari:
“Egizu hegan, KU, egizu!”.
Otsoren begietan malko-jauzi bat sortu zen. Ulu gazi-gozo batek eztarria urratu zion. Kuk habia utzia zuen… beharbada betiko.
Urte oso bat igaro zen.
Iluntzen ari zuen. Txori-orkestra batek gaztainondoaren zortzigarren adarreko habia inguratu zuen. Zuzendaririk gabeko sinfonia zirudien, eta hala ere, txio zurrunbilo hartan, Otsok txio ezagun bat entzun zuen…
Aitak eta kumeak, hunkiturik, elkarri begiratu zioten. Ongi zekiten gertatzear zegoena. Kuk eta bere lagunek Otsori heldu eta hodeietarako bidea hartu zuten. Betiletatik buztaneraino pozez beterik, Otsok negar egiteari ekin zion…
etengabean.
Udaberri hartako egun guztietan, arratsaldeko zortzietan, Otsok hegaldi bat izan zuen opari.
Eta ilunabarreko hegaldi haiek bistarik ederrenak eman zizkioten.
Beno, agian bada bista bat politagoa eta hunkigarriagoa...
… gaztainondoaren zortzigarren adarreko habiak eskaintzen duena.