Ohe azpian

                                           OHE AZPIAN

Zapatila zahar bat dago ohe azpian,

buru-hausgarriaren pieza bat alboan,

galtzontzilo moreak lurrean botata,

eta sagar bat den-dena hozkaz beteta.

 

Bada zerbait gehiago… ohe azpian

Hanka askoko zomorroak daude ohe azpian,

zure bokataren apurrak jaten gogo bizian,

soilik nahi dute irentsi, liskarra eta bronka

eta bost axola zaie nor ari den zurrunka.

 

Dragoi gorri bat dago ohe azpian,

zeharka begira, begiak erdi itxian,

hainbestekoa du logura, hain da lotia,

ez du jarriko zugan arreta berezia.

 

Krokodilo bat dago ohe azpian,

jan eta jan, gustura, egoera lasaian,

pizzak eta koko-irabiakia ditu gogoko

bakean uzten baduzu, bakean zaitu utziko.

 

Hartz bat dago haserre ohe azpian.

auskalo zer gertatu zaion azkenaldian!,

hazka egiten du buruan, marmarka dago

baina alferra da oso zugan pentsatzeko.

 

Bada beste zerbait… ohe azpian

 

Munstro iletsua,

hortz zorrotzez osatua,

sudurra du pikorrez bete-beterik,

esku handien behatz artean goroldioa duelarik.

 

Berdea da munstroa,

baina  ez dizu hozka egiten …

amaren zain dago

behatza  zurrupatzen!

 

Beldurrez beteta dago

dar-dar dardarka:

hau da hau sustoa!,

egin du  oihuka.

 

Zerbait ikaragarria mugitzen da OHE GAINEAN!

 

Hor doaz ihesi hanka askoko zomorroak,

lurrean utzita bokataren apurtxoak,

ihes egiten du, hegan, dragoi gorriak.

atzera begira jarri gabe bere begiak.

 

Hor doa arrastaka krokodiloa,

ez diote uzten lasai hartzen jatekoa,

hor doa hartza bultzaka eta haserre

(ez al dakizu zer gertatu zaion  ere?)

 

Beste norbait ere atera da ohe azpitik…

 

Hara! Munstro iletsua,

hortz zorrotzez osatua.

sudurra pikorrez bete-betea du,

eta buztan batekin egin du estropezu,

ipurdiz arrastaka  jaitsi du eskailera

eta lehena iritsi da kaleko atera.

 

Ze iskanbila, ze istilu!

Zerk beldurtu ote ditu?

 

ZUK!

 

Orain ez dago ezer ohe azpian,

baina… hobe duzu begiratzen baduzu,

ez zaitez geratu jakin nahian!