Chertat eta lehoia

Saharako kontakizuna

CHERTAT ETA LEHOIA

Bada pertsonaia bat, Sahara osoan guztiz ezaguna. Ume guztiek maite dute, eta haren izena entzuteaz bat, barre txikiak egiten dituzte. Xelebrea baita zeharo. Bere izena du, Chertat.

Oso jatuna da. Tripero triperoa. Beti jan eta jan, eta beti jateko gogoz. Hayfaz hayfa ibili ohi da jan eske. Eta jendeak jan-hondarrak gordetzen dizkio. Ahuntz burua edo. Halere, beti goseak dabil Chertat. Mokadu gozo bat nola lortu, beste pentsamendurik ez.

—Erbi, hanka arin, egon hadi geldi, hire haragi xamurra dastatu nahi diat nik.

—Aizak, Chertat, ni ez nauk hiretzat. Ez hartu ni txoropito pitotzat.

Behin, lehoia hurbildu zitzaion hitz egiteko.

—Tratu bat proposatu nahi diat, Chertat. Denok zekitek neu naizela ehiztaririk trebeena. Niri ez zaidak sekula janik falta. Nik zer nahi, huraxe jango diat. Baita gazela goxoa ere. Baina, zeharo alferra nauk ur bila joateko. Hain urruti baitago pozadera! Horra hor, ba, tratua: jana uraren truke.

—Konforme, ados. Nik gosea ase, eta hik egarria hil.

—Lehoiak ura nahi duela? Emango zioat ba, nahi adina, haragi goxoa ekartzen badit.Baina zer habil, Chertat, ur garraio? Hi beti goseak, beti goseak…- Eta orain, egarriak ere bai?

—Ur hau ez duk niretzat. Lehoiarentzat duk. Tratu bat egin diagu. Nik hari ura eman. Eta hark niri haragia.—Ez, ez duk tratu txarra.

—Neuretzat oso tratu ona duk hau. Niri ez zaidak batere kostatzen ehiza harrapatzea. Nahi adina haragi lortzen diat egunero. Aldiz, ni ur bila joatea…

—Sekula santan ez diat hainbeste janik izan. Eta dena, lehoiarekin egindako tratuari esker!

Hau duk janka hau! Sinestea ere! Aurreneko aldiz nire bizitzan erabat ase nagoela. Eta dena lehoiarekin egindako tratuari esker.

Halako batean, zer da eta… hor non datorkion tximua Chertati, bazterrak nahasteko asmoz, beti bezala.

—Egunetik egunera, sendoago ikusten haut, Chertat. Baita indartsuagoa ere. Horiek besoak! Horiek giharrak! Baina, zer egiten duk lehoiarentzako lana eginez, ur garraio? Morroia ematen duk. Zergatik ibili modu txar horretan? Lehoia baino gehiago haiz eta! Gogor egiten badiok, irabazi egingo diok. Eta heu izango haiz errege, Sahara luze zabalean.

—Arrazoi duk. Gogor ekingo zioat lehoiari, eta irabazi egingo zioat. Hartara, neu izango nauk errege Sahara luze zabalean. Eta lehoia egingo diat neure morroi.

Kont:    Tximuak ikusi zuenean Chertat lehoiarekin borrokatzeko prest zegoela, Sahara luze zabaleko animaliak bildu zituen. Han etorri zen asto mantsoa, azeri maltzurra, gazela ederra, zebra marraduna, otso gaiztoa, gamelu leiala… baita ostruka arina ere.

—Jaun-andreok, entzun arren! Chertati burutik egin zaio, eta lehoiarekin borrokatzeko asmoa du. Chertat berak izan nahi du Saharako errege. Goazen denok borroka ikustera.

Ehiza egin eta gero, badator lehoia, beti bezala, Chertati jana ekartzera, tratua betetzeko. Eta hor non hurbiltzen zaion elefante zentzuduna.

—Aizak lehoi, gure errege. Ez al dik lotsarik ematen nola ari haizen erabiltzen Chertat, ur-garraio, morroiaren lana eginez? Hori ez duk errege baten jokaera.

Elefanteak hala hitz egin ziolako, bat batean, lehoiak eraso egin eta hatzaparkada batez letagin bat kendu zion.

—Niri ez etorri kontu kaxkar horiekin.

Chertatek ikusi zuenean zer egin zion lehoiak elefanteari, modu honetan hitz egin zion tximuari:

—Pentsatzen hasia nagok ur bila joateko ordua iritsi zaidala.

Handik aurrera, Chertatek eta lehoiak tratua betetzen jarraitu zuten, hutsik ere egin gabe: batek jana ekarri, eta besteak ura.