Txanogorritxo eta otsoa

https://vimeo.com/466477163

TXANOGORRITXO ETA OTSOA

Baraurik zegoen behin otso gosetia

eta dastatu nahian gizakumekia,

amonaren atean jo zuen gogotik.

Amonak begiratu zuen zirritutik:

hortz ikaragarriak, lau ilara bete.

Otsoak gizalegez: «Kaixo, sar naiteke?».

Atsoak egin zuen barrutik alarau:

«Madarikatu honek irentsi gura nau!».

Bingo!, asmatu zuen, asmatu beharrez,

jan baitzuen otsoak glauskada bakarrez.

Baina amona zenez mami gutxikoa,

otsoa kexatu zen: «Hau ez dut nahikoa!

Gaurko amona hauek ez dira lehengoak,

behintzat ez nau asetu orain jandakoak!».

Orduan sukaldean hasi zen uluka:

«Hurrena egon bedi ondo gizenduta!».

Baina ez zenez beste amonarik egon,

pentsatu zuen: «Hemen behar dut itxaron

paseotik etorri arte Txanogorri,

letagina sartzeko neska samur horri».

Amonaz mozorrotu zen otso baldarra

—arropa zen irentsi ez zuen bakarra—,

soinean berokia, buruan kapela,

apatxetan zapatak —a zer pasarela!—.

Gero ile guztiak jarri apain-apain

eta han gelditu zen Txanogorriren zain.

Txanogorri heldu zen poz-pozik saltari

eta begiratuta amonaordeari:

«Zer belarri handiak dituzun, amona!».

«Perfektorik ez dago...», otsoaren broma.

«A zer nolako begi handiak dituzun!».

«Parrandaren ostea...», otsoak erantzun.

Neskari adi-adi zegoen otsoa:

«A zer masail gorriak! A zer txanotxoa!».

Eta pentsatu zuen: «Aldatu da dieta!

Amona sandwicha zen; hau, berriz, txuleta!».

 

Orduan Txanogorrik: «Amona kuttuna,

bai beroki ederra soinean duzuna!».

«Ez al duzu ikasi ipuina, kaikua?

Orain egin behar zen haginen aipua!

Dena dela berdin dit edozer esanda,

oraintxe jango zaitut, neska mihi luzanga!».

Baina gure neskato ausartak kolpetik

pistola bat atera zuen gonapetik

eta otso zitala paretik kentzeko,

daunba! tiro bakarrez utzi zuen seko.

 

Handik astebetera, nahi baduzu jakin,

ni neu topatu nintzen Txanogorrirekin.

A zer look aldaketa begira jarririk:

ez zeraman ez txano, ez kapa gorririk.

Orduan esan zidan ahoan irria:

«Hau dut OTSO LARRUZKO BEROKI BERRIA!».