Aideko
Beste izen batzuk ere baditu: Aide, Aidetikako, Aidegaxto. Euskal Herri guztian da entzuna jeinu hau. Besteak beste, Zerainen eta Zegaman, Gipuzkoan; baita Lapurdin ere.
Pirinio osoan da ezaguna, eta penintsulako ipar aldera ere zabaltzen da bere sona. Aireko da bere esanahia, alegia, beste mundukoa, naturaz gaindikoa. Jeinu honek giza jarduerak oztopatzen ditu gehienetan, baina zenbaitetan lagundu ere egiten du. Arrazoi naturalak ezagutzen ez dituen gaixotasunen eragile ere izaten da. Ez badakigu gaixotasun bat zerk eragin duen, Aidekori botatzen zaio errua, hark bidalia baita gaixotasuna. Zerainen eta Zegaman kontatzen dutenez, XX. mendearen erdi aldera egon zen kolera-izurritea Aidekok ekarria omen zen. Jeinua behe-laino itxuran etorri omen zen gaixotasuna ekartzera. Aidegaxto Aideko gaiztoa da, izenak dioen bezala. Ekaitzak eta trumoiak agintzen ditu, Lapurdiko sinesmenak dioenez, eta ekaitzak dakarren odei ilun itxura hartzen omen du. Aidekoren aurka joateko, bere jarduera kaltegarria eragozteko, otoitz egitea eta magia erabiltzea dira bideak, ez dago beste erremediorik.