IZARREN BILA
Asteburu berezia zen Marixarentzat. Aspaldiko partez, bere bi ilobatxoak bisitan baitzihoazen.
Ihintza eta Eñaut ostiralean ailegatu eta igandera arte gelditu behar ziren amonarekin. Marixak, beti bezala, ezusteko apartak prestatuko zizkien.
Ihintzak eta Eñautek izugarri maite zuten baserrira joatea, izan ere, ondo baitzekiten amona Marixak beti sorpresa bereziak prestatzen zizkiela. Gainera asko gustatzen zitzaien baserriko lanetan laguntzea, eta joaten ziren guztietan, sutondoan eta izarrei begira, ezagutzen ez zituzten ipuinak kontatzen zizkien ohera sartu aurretik.
Aste osoa eman zuen Marixak prestaketa lanetan, eta baserrian aurkitutako traste guztiekin jolas ezberdinak antolatu zizkien:
+ Aurkitu zituen enbor eta egur zatiekin, oreka ibilbide bat antolatu zien.
+ Lasto balak hartuta, bata bestearen gainean jarrita, eta egur oholak erabilita, txirrista ezberdinak antolatu zituen.
+ Zuhaitz zaharraren adar potoloenetik soka bat eskegi zuen, polea baten laguntzaz lasto bala bati lotuta, umeek gora eta behera egin zezaten.
+ Artasoroan landare batzuk kendu zituen, eta bidexka bat egin zuen “labirinto” baten itxura emanez, bertan harrapaketetan egin zezaten.
+ Eta asteburu horretan ilargi betea zegoenez, ilargiari buruzko ipuinak prestatu zizkien gauean kontatzeko.
Bi umetxoak primeran ibili ziren amonak prestatutako jolasetan, animaliak zaintzen, baratzako lanetan Marixari laguntzen, eta baita uretan plisti-plasta bustitzen ere.
Gauero Marixak su eder bat prestatzen zuen animalien ukuiluen ondoan, eta Ihintzak eta Eñautek izarrak eta ilargia ikusten zituzten bitartean, prestatutako ipuina kontatzen zien amona Marixak.
Bertan, animalia ezberdinak, bata bestearen gainean jarrita, zerura ailegatzen saiatzen ziren, ilargia harrapatu nahian. Baserriko animaliek ere ipuina adi-adi entzuten zuten, gauero.
Igande eguerdia heldu zenean, Ihintza eta Eñaut beren etxera joan eta gero, baserriko egoera bere onera bueltatu zen; eta gure Marixak, egunero bezala, lan eta lan jarraitu zuen.
Baina… animalien artean zer edo zer aldatu zen. Amona Marixaren ipuina entzun ondoren, gauero bezala lo seko geratu ordez, zeruari begiratzen hasi ziren. (zerura begira jartzen ziren.) Eta liluratuta geratzen ziren gero eta izar gehiago ikusita.
Ilargirik ez zegoen gau batean, zaldiak, zerura begira jarrita, horrela esan zien besteei:
—Aizue!! Joango al gara izarren bila?
Baserriko beste animaliek harrituta begiratu zioten zaldiari. Ondoren, zerua ikusita, den dena ulertu zuten. Izarrez bete-betea zegoen. Txunditurik gelditu ziren.
Zaldia, bi aldiz pentsatu gabe, larre erdian jarri zen, eta horrela esan zion behiari:
—Joango al gara izarren bila? ?
Behia salto batez jarri zen zaldiaren gainean. Baina ez zela ailegatzen ikusita… horrela esan zion astoari:
— Joango al gara izarren bila?
Astoak ere, gehiegi pentsatu gabe, gora egin zuen. Baina izarrak urruti ikusita… horrela esan zion txerriari:
- Joango al gara izarren bila?
Txerriari izugarri kostatu zitzaion zaldiaren, behiaren eta astoaren gainean igotzea, eta lortu zuenean, laguntza gehiago behar zutela ikusi zuen eta… horrela esan zion ardiari:
—Joango al gara izarren bila?
Eta horrela jarraitu zuten gora eta gora…
gora ardia, gorago oiloa, gorago untxia, are gorago katua…
Gero eta gertuago ikusten zituzten izarrak. Horrela jarraituta, laster harrapatuko zituzten.
Baina… halako batean, behiak gora begiratu eta izar bat ikusi zuen, besteak baino distiratsuagoa. Eta ideia itzela iruditu zitzaion hura hartzea.
Baina… abiatu zenean…
…beste guztiek oreka galdu eta…
Kataplaummm!!!
Eta orduan bai!
Orduan bai ikusi zituztela izarrak ondo-ondoan!