Itsaslamina-isatsa

ITSASLAMINA ISATSA

Oinak itsasoan bustitzea izugarri gustatzen zitzaion Kai mutikoari. Begiak itxita, ederki entzuten zuen haizearen soinua herrixkako hondartza hartan. Herri arrantzalea zen herri hura, eta han zegoen Kai kanpaleku batean bere ikaskideekin.

Lehen aldiz zihoan udaleku batera, eta lehen aldiz egin behar zuten lo basoan, kanpadendetan.

Gau hartan ez ziren hondartzara joan behar izarrak begiratzera. Izan ere, mozorro-festa zegoen herrian. Portuko  lonja zaharrean neon-argiak jarri zituzten, baita disko-bola bat ere, dirdira berezia egiten zuena. Gelako bazter batean, eszenatokiaren atzealdean, kutxa bat zegoen, dena mozorroz beteta. Iluntzen zuen bitartean, Kai jolasean aritu zen, portu-bazterreko karramarroei segika. Eta, ai, konturatu zenerako, bost minutu besterik ez zituen bere mozorroa prestatzeko,  lonja zaharreko pasarela hastear baitzegoen!

Kai  ausart eta pozik azaldu zen pasarela hartan. Airoso ematen zituen pausoak. Izan ere, itsaslamina-isatsarena egiteko jantzi zuen gonak dotore ibiltzeko aukera ematen baitzion. Bi oinekin batera egiten zuen salto diskotekaren erdian, benetako itsaslamina balitz bezala. Bat-batean, neska-mutilen barreak entzun ziren ozenki, itsasotik zetorren marruma estaltzen zutelarik. Kai  itsaslamina jantzi da! Kai itsaslamina jantzita atera da! Ja, ja, ja,! A ze nolako maritxua!

Une horretan, haizeak gogor  jo  zuen itsasaldetik, eta kolpe batean ireki  zuen portuko lonja zaharreko atea. Bitan pentsatu gabe, Kaik alde egin zuen, ihesi, korrika. Hain zen handia bularraldean sentitzen zuen mina, izarrak begiratzera joan nahi izan zuen, barrua lasaitu nahian. Bere aitak erakutsitako estrategia  zen hura!

Hondartzaren bukaerara abiatu zen, leku ilun batera. Bere bila joaten baziren, ez zuten aurkituko han. Emozio nahasiak zeuzkan Kaik. Haserre, triste eta galduta, noraezean  sentitzen zen. Baina bereziki, lotsa sentitzen zuen, lotsa handia. Ez zuen bere klaseko inor berriro ikusi nahi. Sentsazioa zeukan zerbait oker egin zuela, baina ez zekien zer. Inoren aurrean ez zela inoiz gehiago itsaslamina jantzita aterako; horixe errepikatzen zion behin eta berriro bere buruari.

 “Eta… kenduko banu”? -galdetu zion bere buruari. “Ez, oraindik ez”-erantzun zuen. Gona distiratsu bat eta kamiseta tirantedun koloretsu bat janzten zituen lehen aldia zen. Gonak lihazki edo fleko  batzuk zituen, zintzilik, itsasoko olatuen irudia ekartzen zioten oroimenera. Ba ze han zerbait asko gustatzen zitzaiona!

“Zer izango ote da hainbeste gustatzen zaidana? Gaizki al dago zerbait gustuko izatea?” galdetzen zion bere buruari. Han urrunean, hondartzan behera norbait zetorrela ikusi zuen. Bai, bere bila zetozen! Isilean, hondartzaren amaieran zegoen kobazuloan sartu, eta hantxe ezkutatu zen. Uzkurtuta jarri zen arroka  baten gainean, itsaslamina bat balitz bezala, eta, hala zegoela, loak hartu zuen.

 Handik gutxira, ur-tanta batzuek esnatu zuten loalditik. Begiak ireki, eta a!, konturatu zen itsaslaminaz inguratuta zegoela. Haitz borobilen gainean zeuden, atseden hartzen.  Hura ustekabea!  Sekula ez zuen itsaslaminarik ikusi, ezta bat bera ere! Poz-pozik jarri zen, baina baita urduri ere, eta beldur pixka bat ere sentitu zuen. Itsaslamina bihurri bat ari zitzaion ur-tantak jaurtitzen, uretatik.

-Bota hadi uretara! –esan zion itsaslamina bihurri hark.

Kai saiatu zen oinak mugitzen, baina…  hura ustekabea! Isats bat zeukan!

Kontu handiz, lehenik isatsaren punta sartu zuen uretan. Eta gero, plaf! Barrura! Uretan murgildu zen!

Uretan, itsaslamina batek heldu zion eskutik eta, ziztu bizian eman zuten buelta bat itsas hondotik. Zein ezberdina zen isats batekin igeri egitea! Arin-arin joan zitezkeen batera eta bestera, tximista bat bezain azkar! Ez zegoen nekatzeko arriskurik, ezta arnasa hartu beharrik ere! Hain ziren desberdinak koloreak eta formak ur azpian… Eta ez zuen azkurarik sentitzen begietan! A ze poza! A ze gozamena!

  • Zuekin gelditu nahi dut denboralditxo batean  –esan zion Kaik bere lagun berriari.

Haitzulora bueltatzean, lehenago haitz borobilen gainean ikusi zituen itsaslaminak, orain  ez zeuden han. Desagertu egin ziren. Ez, ez, desagertu ez. Uretan zeuden guztiak.

            -Rita! Hire zain geundenan  –esan zuen itsaslamina zaharrenetako batek-. Tira, presta hadi! Gure bidaiari jarraituko behar zionagu.  Ilargia ezkutatu bezain laster, itsaso hondora joango gaitun.

            - Eta… etor al daiteke Kai gurekin? -galdetu zien Ritak bere amatxoei. -Oso azkar egiten du igerian nire lagun berriak!

Itsaslaminek begiratu zioten elkarri eta …

            -Mmm… aizu, gaztetxo, arau bat daukagu guk. Gurekin etorri nahi baduzu, utzi egin beharko diozu gizakia izateari, eta itsaslamina bihurtu, betirako. Ez da erabaki erraza. Ilargia ezkutatu baino lehen hartu beharko duzu erabakia.

Kai uretatik irten zen. Oso nahastuta zegoen, noraezean, zer egin ez zekiela. Nola hartuko zuen hain erabaki garrantzitsua? Zer nahi zuen? Itsaslamina  izatea asko gustatzen zitzaion. Izugarri. Uhin formako mugimenduak, lepokoa, isatsaren leuntasuna, ilea uretan nahastea, igerian ziztuan bizian ibiltzea … Baina gizakia izatea ere asko gustatzen zitzaion.

Bat-batean, inor konturatu gabe, Kairen ondoan karramarro bat azaldu  zen. Bere martxadaz “tak-tak” kolpatu zuen haitza, ate bat kolpatuko balu bezala. Kai karramarroaren ondora makurtu  zen, eta konturatu zen hizketan ari zitzaiola karramarroa.

            -Zatoz hona,  gaztetxo!  Ilargi betea den bakoitzean, gauza bera gertatzen da! Zu bezala kobazulora heltzen diren guztiek erabaki bat hartu behar dute. Gauza bat ala bestea. Zuri ala beltz. Haragi ala arrain. Mutil ala neska, gizaki ala itsaslamina … Eta hori ikusten dudan bakoitzean, hautatu beharrak eragiten duen mina ere  ikusten dut. Ai, ai, ai! Soilik bi aukera egongo balira bezala! Ezin al da erabaki, erabaki bat hartu nahi ez izatea? –galdetu zion, azkenik, karramarroak.

-Baina itsaslamina hauek esan didate erabaki egin behar dudala… -murmurikatu zuen Kaik.

            -Ez dut esaten ez duzula erabaki behar. Baizik eta erabaki nahi ez  izatea ere beste aukera bat dela –bota zion karramarroak.

Kai galduta sentitzen zen, apur bat nahastuta, zer egin ez zekiela. Ez zuen karramarroak esandako guztia ulertzen, baina bai azken esaldia. Berak ez zuen erabaki bat hartu nahi. Gizaki bat zela eta itsaslamina bihur zitekeela esaten zioten.

Ez zuen ulertzen zergatik bihurtu behar zuen bere burua beste zerbaitetan. Gainera, betirako! Bera Kai zen, itsaslamina-isats batekin.

Ur tanta batek jo zuen sudurrean, eta berehala atera zen bere pentsamenduetatik. Une hartan, hodei beltz batzuek ilargia estali zuten. Norbait deika ari zitzaiola entzun zuen Kaik, eta hondartzaren beste aldera begiratu zuen. Lonja zaharreko pasarela berehala hasiko zela adierazi zuten bozgorailutik. Kaik itsaso aldera begira jarri zen. Ordurako ez zegoen karramarroaren arrastorik. Portuko itsasontzien argiei esker soilik mugimendu azkar batzuk antzeman zituen ur azpian.

“Pasarela hasteko zorian dago!” “Pasarela hasteko zorian dago!” –entzuten zen bozgorailuan. Kaik igo zuen bere gona, eta ziztu bizian joan zen festara, bere itsaslamina-isats ederrarekin, dotore-dotore eta irribarretsu.