Juanen erdia

JUANEN ERDIA

 

Asper-asper eginda dago Juan. Mundu guztiak errieta egiten dio etxean, neskek egiten duten ezer egiten badu.

—Juan, zergatik margotzen duzu zuhaitza zilar kolorez? Neskatilek margotzen dute horrela.

—Juan, negarrez ari al zara? Aizu, lehortu itzazu malkoak, mutikoek ez dute-eta negarrik egiten.

—Juan, zertan ari zarete, marineletan? Zuk kapitain izan behar duzu, e!

 

Barre egiten diote ikastetxean neskatilek egiten dutena egiten badu.

—Juan neskatila da, futbolean ere ez du egiten eta!

—Juan, nora zoaz elastiko arrosa horrekin? Neskatila ematen duzu.

 

Kokoteraino dago Juan.

Eta hauxe erabaki du, mutikoa izateko, neskarena den edozeretik libratu behar duela. Eta hala, kartoi kaxa huts bat hartu eta bertan sartu ditu elastiko arrosa, pilota baino atseginago duen printzesen ipuina eta zilar koloreko errotuladorea.

 

Begietatik nahi gabe  erori zaizkion hiru malko ere kaxan gorde ditu itxi baino lehen. Gero, lorategiko txoko batean lurperatu du kartoizko kaxa.

—Orain bai, orain banaiz mutikoa –dio berak.

 

         Eta orain futbolean egiten du, eta ukabilkadak ematen ditu haserretzen denean, eta barre egiten die neskatxei banba zuriak eta arrosak eramaten dituztelako, eta, negar egiteko gogoa duenean, eutsi egiten dio. Oso gaizki pasatzen du, eta izugarri aspertzen da, baina orain bai, orain mutikoa da.

 

—Hori uste duzu zuk,  -esaten dio Menta maitagarriak.

—Orduan, mutikoa ez banaiz, zer naiz ni? Zizare bat? Krokodilo bat?–galdetudio Juanek.

Maitagarria barrez lehertzen hasi da.

—Hotz, hotz! Seguru ez duzula asmatzen.

—Orduan, zer naiz ni? Patata bat? Kruxpeta bat?–galdetu dio mutikoak.

Menta maitagarriak ezetz dio.

Juan kezkaturik dago. Berak mutikoa izan nahi zuen. Horretarako beharrezkoa den guztia egin du, eta orain ez omen da mutikoa.

Menta maitagarria ez da harengana hurbildu kalaka ematera, baizik eta laguntza eskaintzera.

—Zatoz nirekin –esan dio maitagarriak.

 

Eta elkarrekin doaz bainugelako ispilu aurrera. Ispilua oso goian dagoenez, aulkitxo bat hurreratzen dio maitagarriak, haren aurrean jar dadin. Igo eta ispiluari begira geratu da Juan.

         —Zer ikusten duzu? –galdetu dio Menta maitagarriak.

Hain harriturik geratu da Juan, ia ez da hitz egiteko kapaz.

—Ikusi, ikusi… Soilik Juanen erdia ikusten dut.

 

Eta halaxe da! Ispiluan soilik begi bat ikusten da, eta belarri bat, eta sudur-zulo bat, eta ilearen erdia, eta aurpegiaren alde bat, eta eskuin eskua, eta eskuin hanka…

—Juanen erdia zara, besterik ez –dio maitagarriak.

Harriduraren harriduraz, oreka galtzeko zorian egon da Juan.

         —Aizu! Jaitsi edo erori egingo zara! –esaten dio maitagarriak.

Aulkitxotik jaitsita, maitagarriari begira geratzen da haren jokaera ulertu ezinda.

         —Ez al zinen konturatzen?

Alde batera eta bestera mugitzen du burua Juanek, ezetza adierazi nahian.

—Ea! Nola sentitu zara egun hauetan: ongi ala gaizki?

—Gaizki –dio Juanek.

—Pozik ala triste egon zara?

  1.  

—Agian zerbait falta zaizu…

—Zer? –galdetu dio Juanek.

  •  

Juanek hazka egiten du sudurrean, horrela hobeto pentsatzen baitu. Eta, bat-batean, zera bururatu zaio.

—Badakit! Kartoizko kaxan gorde nituen gauzak falta zaizkit.

—Horixe bera! –egin zuen oihu Menta maitagarriak.

Korrika doaz Menta eta  Juan lorategira kaxa berreskuratzera. Atera du Juanek elastiko arrosa  kaxatik, eta di-da batean jantzi du. Hartu du zilar koloreko errotuladorea, eta pultsera  bat marraztu du eskumuturrean. Eta besapean jarri du ipuina, ohera joan nahi baitu printzeen ipuina lehenbailehen begiratzera.

Eta, ondoren,  hartu hiru malkoak eta gorde egin ditu, kontu handiz, negargura duen unerako.

Eta, orain, Errege egunean bezain zoriontsu sentitzen da Juan.

—Juan, ba al dakizu zergatik sentitzen zaren hain zoriontsu? Bada, orain ez zarelako mutiko erdia, mutiko osoa baizik.

Juanek belarria ukitzen du, eta gero begia. Eta gero sudurra, eta gero hanka.... Bai, dena bere lekuan dago.

—Noski, mutiko. Ez egin kasurik inori neskarena den guztia gainetik kentzeko, ez erabiltzeko esaten dizutenean.

—Baina, orduan, neska izango al naiz?

—Ez, mutiko osoa izango zara.

—Nahiz eta nesken gauzak egin?

Barre egiten du Menta maitagarriak, airean, jirabiraka, ziztu bizian urruntzen den bitartean.

Begiradarekin jarraitzen dion bitartean, Juanek pentsatzen du bengala bat dirudiela maitagarriak.

Bat-batean, gelditu egin da maitagarria, keinutxo bat bota dio Juani begiarekin, eta neskatila bat seinalatu dio.

—Itsaso da. Orain ikusiko duzu zer egiten duen, -esaten dio maitagarriak.

Itsaso zuhaitz baten ondora doa, eta enborraren zulo batetik fardel bat atera du. Eta askatu egiten du fardela.

—Hara! Kontxo! –dio Juanek– futbolean egiteko belaunetakoak eta banbak takoekin. Baina, baina… mutikoen jolasa da-eta.

—Juan, ez daude mutilentzako eta neskentzako jolasak. Soilik pertsonentzako jolasak daude. Besteak beste, pilotan eta sokasaltoan, autotan eta sukaldeketan, zuhaitzetara igotzen eta panpinei loarazten aritzeko jolasak.

—Denak balio al du pertsona bazara?

—Gustuko duzun guztiak balio du. Eta zeuk dakizu, ez beste inork, zer duzun gustuko. Ez dizute besteek esan behar.

Orduan, txistu hotsa entzun du Juanek. Hara! Itsaso da.

—Aizu, Juan, nahi al duzu nirekin futbolean egin? –galdetu dio neskatilak.

Eta, nola ez! Korrika batean doa Juan futbolera Itsasorekin batera. Hori bai,  hain gustukoa duen elastiko arrosa jantzita eta zilarrezko eskumuturrekoa dotore-dotore margotuta!