Herio
Beste izen hau hartzen Bizkaian: Balbea. Euskal Herrian oso hedatua dago jeinu hau. Gizakiaren heriotza, herri sinesmenean, fenomeno natural legez hartzen da, oro har, baina zenbait kasutan lurreko bizitzatik beste mundura joateko ordu horretan, jeinu baten eragina ikusten da.
Arima batzuen bila dabilen eta heriotza dakarren pertsonaia mitologiko hau Herio da. Pertsona baten heriotzaren arrazoia biraoa edo begizkoa izan daiteke. Gizaki bati biraoa edo begizkoa botatzen diotenean, Heriok bere lana egiten du, eta gizaki hori beste mundura bidaltzen du. Zakur baten zaunka etengabeak Herioren etorreraren berri ematen du, etxe horretan norbait hilko den seinale omen da.
Kontatzen da Nafarroako Baztango lurretan ikazkin bat premia larrian bizi zela, jatekorik ere ez zuena. Basoan, txabola txiro batean bizi zen, goseari nola aurre egin ez zekiela. Gau batean, Jainkoa etorri omen zitzaion ate joka, aterpea eskatuz. Ikazkinak etorritako lekutik itzultzeko esan zion, eta ez zion aterik ireki, munduan, batzuk aberats eta bera bezalako beste batzuk hain pobre izatea ez zelako juxtua. Hurrengo gau batean, Herio agertu omen zen aterpe bila. Ikazkinak atea ireki, eta zeukan jateko apurra elkarrekin jan omen zuten. Pertsona guztiekin berdin jokatzen zuelako eman zion Heriori babesa, garaia iristen zenean, aberats nahiz txiro, beste mundura eramaten zituelako. Biharamunean, ikazkinak jeinuarekin izan zuen harrera ona zela eta, hark zerbait eskatzeko esan zion. Ikazkinak oparoago bizi ahal izateko ohe bigun bat eta eguneroko zer jana eskatu zizkion. Heriok aitortza bat egin zion: –Gaixo bat ohean dagoenean, ohe-buruan ikusten banauzu ziur egon hilko dela, baina oinetan ikusten banauzu, eta edozein sendagai ematen badiozu ere, ez da hilko. Handik egun batzuetara, ikazkinak zera jakin zuen, erregea gaixorik zegoela eta sendatzen zuenarentzat ondasun ugari eskaintzen zirela. Horrela, bada, joan zen gaztelura eta, erregea senda zezakeela eta, sartu zen haren gelara, eta hara non ikusten duen Herio ohe-oinaren ondoan. Orduan, ikazkinak belar arrunt batzuekin egindako edabea eman zion erregeari, eta berehala sendatu zen. Erregeak, esker onez, ondasunez betetzearekin batera, bere mediku eta kontseilari izendatu zuen. Ikazkin ohia guztiz zoriontsu zen bere egoerarekin, baina goiz eder batean Herio agertu zitzaion berriro, eta eguna goibeldu egin zen. Heriok berarekin eramatera zetorrela adierazi zion. Ikazkinak, atsekabetuta, horrelakorik ez egiteko eskatu zion, ordura arte pasa zituenak pasa ondoren, nola egingo zion, bada, horrelakorik. Heriok bere begirada hotzaz begiratu, eta pertsona guztiekin jokabide bera zuela erantzun zion. Kapa beltzarekin inguratu, eta betiko eraman zuen ikazkin gizagaixoa.