Olatuen artean galduta

OLATUEN ARTEAN GALDUTA

Pingüino kume guztiak bezala, Kris izeneko pinguino txikiak ere lumaje gris batez estalia zuen gorputza. Eta lumaje harekin ezin zen joan igerian egitera amatxorekin eta aitatxorekin, bere lumak ez baitziren iragazgaitzak. Geroago bai. Geroago izango zuen aukera igerian ibiltzeko.

Izan ere, pinguino txikiei, hazten doazen heinean, erori egiten zaizkie lumak, eta haien ordez, luma berriak ateratzen zaizkie, zuriak eta beltzak. Lumaje berriari esker, lasai sar daitezke ur izoztuan, larrua bustitzeko batere arriskurik gabe. Gauzak horrela, eta luma berriak atera bitartean, Kris kumea habian geratzen zen, eta gurasoak hondartzara joaten ziren egunero kume txikiarentzat janari bila. Baina, pinguino txikia hain zen kuriosoa, gurasoak arrantzan ziren bitartean habiatik alde egin eta harri txiki distiratsuak aurkitzera joaten zen oso politak iruditzen zaizkion eta.. Arratsalde haietako batean, atera zen ibilalditxo bat egitera, eta luzaroan ibili zen harri txiki distiratsuen bila, astiro astiro, beti lurrera begira. Halako arreta jartzen zuen harri haietan, ez zen konturatu asko urrundu zela habiatik. Ingurura begiratu eta apurtxo bat kezkatzen hasi zen. Jakina da pinguinoak oso igerilari onak direla, baina oso makalak oinez ibiltzeko orduan. Eta, noski! Hainbeste ibili eta gero, erabat nekatuta zegoen Kris kumea itsasertz izoztura iritsi zenean. Bitan pentsatu gabe, etzan egin zen lo kuluxka bat egin eta indarrak berreskuratzeko asmoan. Esnatu zenean, hura sustoa hartu zuena! Izan ere, itsasertzetik libratutako izotz puska handi baten gainean baitzegoen Kris gaixoa, itsasertzetik nahikoa urrun. Eta, noski, kume luma haiekin ezin zen uretan sartu, bestela izoztu eta hil egingo zen. Han zegoen estu eta larri negarrez hasteko zorian, zer egin ez zekiela, eta, ustekabean, izurde bat ikusi zuen olatuen artean saltoka. Zorionez, izurdeak pinguinoen lagunak dira, eta han inguruan zebilen izurde hark ondo asko zekien non egiten zituzten habiak pinguinoek. -Zaude lasai, txikitxo! Ez egin negarrik, neuk eramango zaitut zure etxera amatxorengana eta aitatxorengana –esan zion izurdeak. Eta hala, inguratu zen izurdea pinguino txikia zegoen lekura eta izotz puskari sudur puntarekin bultzadak emanez, kostalderaino eraman zuen izurdeak Kris txikia. Ordurako, han zebiltzan gurasoak kezkatuta kumearen bila, estu eta larri, hara eta hona. Eta haien poza izurdeak bazekarrela ikusi zutenean! Handik denbora batera, Kris txikiaren lumajea aldatzen joan zen, eta primeran ikasi zuen igerian. Eta, nahiz eta oso despistatua izaten jarraitzen zuen, ez zen inoiz gehiago galdu, izurde laguna han inguruan ibiltzen baitzen adi adi, bada ezpada ere. Egunen batean Patagoniara bazoaz, eta izurde bat eta pinguino bat ikusten badituzu olatuen artean jolasean, mesedez, eman goraintziak nire partez.