Badator Camuñas aztia

Badator Camuñas aztia

Bazen behin azti bat, etxetxo zahar batean bizi zena. Etxetxo hura basoaren alde batean zegoen, eta basoaren bestaldean mendia, eta mendiaren bestaldean erreka, eta errekaren bestaldean herria. Camuñas zuen izena aztiak.

Ez zuen inoiz azazkalik mozten eta labana bezain zorrotz zituen zorrozten. -- Camuñas azti arrunta zen, aztikeria arruntak egiten zituena, osagarri arruntak erabilita: apo mihiak, eltxo hankak, armiarma mukiak… -- Ilargi betea zen gauetan, korrika ateratzen zen etxetik; zeharkatzen zuen basoa, igotzen zuen mendia, jaisten zen mendiaren bestaldean behera, zeharkatzen zuen erreka brinko batean, eta herrira iristen zen. -- Umeak ehizatzera joaten zen bere janaritegian gordetzeko. Era guztietakoak zituen gogoko: gizenak eta argalak, luzeak eta baxuak, ilehoriak, beltzaranak, ilegorriak… -- Gau haietako batean herrira hurbildu zen. Ilargia diz-diz zegoen, zuri-zuri eta borobil-borobil, elur bola bat balitz bezala. Etxe haietako leiho batean Zurine ikusi zuen. Zurine piper berdea bezain berdea izan zitekeen, baina zuria zen, izenak zioen bezala. Gainera, izaera bizia zuen: azeria bezain zuhurra eta hontza bezain azkarra. Ohera sartu baino lehen ilargiari begira egon ohi zen. -- Camuñasek zorroztu zituen azazkalak, eta leiho ondoan zegoen zuhaitzean gora igo zen, katua balitz bezala. Adarren artetik begiratu, eta, leihoko kristalen bestaldean, lotan ikusi zuen umea. Hatz txikiko azazkalarekin palanka egin, eta… ZAZ! ireki zen leihoa. -- Astiro-astiro, pauso isilean, ohe ondora gerturatu zen Camuñas. Bizkarra oker, besoak zabal eta hortzak estututa ematen zituen pausoak. Zurine ondo-ondoan zuenean, jaso zuen hatz erakuslea neskatxaren eztarrian sartzeko asmoan, eta, bat batean, ustekabean, puzker batek ihes egin zion! -- Esnatu egin zen Zuriñe. Igurtzi zituen begiak, eta, irribarrez, honela hitz egin zion: -Hara, hara! Pirujo Aztia! -Pirujo? Ni ez naiz Pirujo. Ni Camuñas naiz, azti ezaguna, azazkalak inoiz mozten ez dituena! -erantzun zuen aztiak haserre aurpegia jarrita. -Niri ez adarrik jo, aizu! Pirujo Aztia zara zu! -Ezetz! Camuñas naizela! -Zuk ez dakizu zer esaten ari zaren! Begiratu zure sudurra nola dagoen! -Zer gertatzen da nire sudurrarekin? -Berenjena bezain handia duzu. Pirujo Aztiaren sudurra da, aizu! -Ezetz bada! Camuñas naizela ni! Ez al dituzu nire azazkalak ikusi nahi? A zer nolako aurpegia! Begiratu ezazu zure hortzeria. -Zer gertatzen da nire hortzekin? -Gutxi dituzula, eta ustelduak! Pirujo Aztiaren hortzak! - Ni Camuñas naiz! Nireak dira hortzak –egin zuen oihu aztiak. Ez al dituzu ikusten nire azazkal luzeak? Burugogorra zara benetan, Pirujo Aztia! Ez zara enteratzen! Begiratu zure begiak. -Zer gertatzen da nire begiekin? -Oso irtenak direla, eta gorriak. Noski, Pirujo Aztiaren begiak! -Ziur al zaude? -galdetu zuen zalantzan- Nik uste dut Camuñas naizela. Gauzak patxadan hartuta, berriro saiatu zen Zurine: -Ez ezazu lelo aurpegia jarri, eta, mesedez, begiratu ileari! Kendu zuen kapela , eta, ia negarrez, esan zuen: -Zer gertatzen da nire ilajearekin? -Zer ilaje? Lau ile besterik ez dira! Pirujo Aztiaren ileak! Begira! Aztiak, sorbalda altxatu, lau ileen artean azkura egin, eta hauxe bota zuen: Agian, egia da Pirujo naizela, baina niri bost axola! Zu jatera etorri naiz! -Zer, erotu egin al zara zu? –esan zuen Zurinek. Zuk ezin duzu umerik jan, aizu! Ume bat jaten baduzu, granoak aterako zaizkizu. Ez izan hain astuna, Pirujo eta… zoaz lotara agudo! -- Aztiak usaindu zuen Zurine, eta, goseak akabatzen zegoenez, aurpegia miazkatu zion. Instantera, grano bat atera zitzaion mihiaren puntan, oliba baten tamainakoa. Pirujo naiz! Pirujo Aztia naiz –egin zuen oihu. Zein gogaikarria eta “petardoa” naizen, ai!, neure izena ere ez bainuen gogoratzen! -- Kopetilun eta kezkati, egin zuen salto leihotik, utzi zuen herria, gurutzatu zuen erreka salto batean, igaro zuen mendia, zeharkatu zuen basoa, eta etxera iritsi zen. -- Ganbarara joan zen segituan, eta zerbaiten bila hasi zen kutxa zahar batean. Argitu beharra zeukan zalantza hura! -- Eta… orduan ikusi zuen berenjena bezain handia zen sudur hura, orduan ikusi zituen bere hotz apurtuak… eta ustelduak! orduan ikusi zituen bere begi irtenak eta gorriak, orduan ikusi zituen buruko bere lau ileak. -Camuñas nintzela uste nuen eta Pirujo naiz. Pirujo Aztia! Moztu egin beharko ditut nire azazkal guztiak! -esan zuen etsipenez. Eta hala bada ez bada, ipuin hau bukatu da; Izan ere, Zurine aztiaren etxera joan zen egun batez eta manikura egin zion samurtasun betez. -- Eta amaitzeko, aholku hau ZURETZAKO: NOIZEAN BEHIN ISPILUA HARTU, ETA HARI BEGIRA JARTZEA EZ AHAZTU!