ZAPATAGORRI
Herri menditsu batean, bizi omen zen neskatxa bat ama, aita eta amonarekin Eta beti ibiltzen zenez zapata gorri batzuk jantzita, eta beti hizketan zapata gorri haiekin, denek deitzen zioten Zapatagorri.
Eta kontua da, OTSO BELDURGARRI bat ere bizi zela herri menditsu hartan. Horregatik, amak, aitak eta amonak esaten zioten: -Zapatagorri, Zapatagorri, kontuz ibili behar duzu, gero! Aditzen? Eta batez ere ez sartu basoan. Eta Zapatagorrik, noski, kasu egin behar. Alabaina, egun hartan, Zapatagorri eskolatik atera eta etxerako bidean zihoala, ikusi zituen perretxiko batzuk bide ertzean ummm!, eta usaintzen hasi zen, eta ukitzen eta biltzen, ummm! Eta esan zien zapatatxo gorriei: -Zapatatxoak, zapatatxoak, hauexek perretxiko politatxoak! Eta konturatu gabe, perretxikoak bildu eta bildu, basoan sartu eta galdu egin zen. Berehala saiatu omen zen basotik ateratzen, ahalik eta agudoen; halere, nahiez eta saiatu, areago galdu zen, eta nora jo ez zekiela geratu: ez aurrera-ez atzera. Eta, une batetik bestera, horratx!, basoa bihurtu beldurgarri. Eta larritu egin zen Zapatagorri, eta badoa, badoa ziztu bizian, kaka beldurtuta, eta halako batean… Otsoa agertu, OTSO BELDURGARRIA! Alazangoa! Hura beldurra! Zapatagorrik ez zuen inongo ihesbiderik, eta bi besoak gurutzatuta zituen, eta bi begiak itxi. Alferrik! Otso beldurgarriak atzaparrak luzatu eta harrapatu egin zuen. A ze animalia zen otso beldurgarria! A ze basatia! A ze hortzaundia! Otsoak ez zuen Zapatagorri irentsi ordea; aitzitik, bere gordelekura eraman zuen, bat ere harramaskarik egin gabe, burdinazko kaiola baten ondora, orbel pilo artera. Eta hitz egin zion: -Ai, Zapatagorri, zein neska ederra zaren! Zein neska ederra! Zapatagorrik, baina, adar bat eskuratu, eta jo egin zion muturrean: -To, otso mukizua! Eta jo bizkarrean: -To eta to, otso ganberroa! Eta jo egundoko bizkarrekoak: -To, to eta to, otso lotsagabe mutur zikin halakoa! Eta kolpeak kolpe, era maitagarrian mintzatu zitzaion otso beldurgarria: -Ez zaitez nire beldur izan, polita, ni izango naiz eta zure laguna! Atera sakelako telefonoa eta norbaiti deitu zion: -Okey, dena ondo! Nirekin zagok neska, yes! Sano-sano, bay-bay! Eta klik!, irri karkailez begiratu zion Zapatagorriri. Hura otsoa! Sakelako telefonoa zeraman, eta hitz egin zezakeen ingelesez! Alazangoa! Zapatagorrik pentsatu zuen ihes egin beharra zeukala handik, lehenbailehen: hura ez zen inondik otso maitagarria, baizik otso beldurgarria, beldurgarri-beldurgarria! Horregatik, bere zapatatxo gorriei begiratuz, esan zuen ahots baxuz: -Zapatagorri, Zapatagorri, egon ezazu korri! Eta zapatagorri korrika hasi zen. Zoritxarrez, otso beldurgarriak aurrea hartu zion eta Zapatagorrik ahotsa altxatu behar izan zuen: - Zapatagorri, Zapatagorri, egon ezazu korri, korri!!! Eta Zapatagorrik korrika jarraitu zuen, korri eta korri abiadan, harik eta nora jo ez zekiela geratu arte. Zapatatxo gorriei begiratu, eta esan zuen ahots ezinago indartsuz: - Zapatagorri, Zapatagorri, egon ezazu korri, korri, korri!!! Eta korri, korri eta korri, basotik aterata etxerako bidea hartu zuen. Baita otsoak ere! Hura beldurra! Eta Zapatagorrik laguntza eskatu behar izan zuen: -OTSOA, OTSO BELDURGARRIA1 HEMEN! SOKORRO! LAGUNTZA! Basozainek entzun Zapatagorriren oihuak, bidera atera, eta danba!!!, tiro batez, otso beldurgarria utzi zuten zeharo anestesiatuta, tripaz gora, dardo batez. Eskerrak! A zer lasaitua! Eta harrituta geratu ziren denak: zur eta lur. Izan ere, orduantxe konturatu ziren otso beldurgarri hura ez zela animalia, baizik GIZONA. Larrua eranzterakoan konturatu ziren. Alazangoa! Ez otsoa, baizik GIZONA omen zen: haur-lapurra! Haur-lapur galanta! Gaizkilea! Eta kartzelatu egin zuten. Ama, aita eta amona Zapatagorrirengana joan, eta besarkatu egin zuten elkar. Hala, denak pozik; bereziki Zapatagorri, zeinek egin zuen perretxiko-tortilla izugarri ederra.
Baita jan ere gustura. Mmm! Bai goxoa!