Ez dut txerrikume izan nahi

EZ DUT TXERRIKUME IZAN NAHI!!

3 hilabete, 3 aste eta 3 egun pasatuak ziren gertatu zenetik. 3 hilabete, 3 aste eta 3 egun itxaroten.

3 hilabete, 3 aste eta 3 egun 115 egun baserriko txerrama handiena haurdun geratu zenetik erditzeko ordua ailegatu zen arte. Maritxu txerrama izateko prest zegoen. Gau gogorra izan zen Maritxurentzat, gauerdian hasi, eta egunsentira arte ez baitzuen erditu azken txerrikumea; lehenengo 1, gero 2, ondoren 3, beranduago 4…, eta guztira 11. Hamaika txerri txiki jaio ziren bata bestearen atzetik. Txerrikumeei titia emateko orduan gorriak ikusi zituen txerramak, soilik 10 titi baitzituen, eta txiki guztiek batera nahi izaten zuten titia hartu. Laster handitu ziren, eta baserriko txoko ezberdinetatik kuxkuxeatzen pasatzen zuten eguna; lokatzetan jolastea zen gehien gustatzen zitzaiena. Zoriontsu bizi ziren denak, beno, ia denak. Izan ere, azkena jaio zen txerritxoak, jolastu beharrean, beste animaliei begira ematen zuen eguna: behiak, zaldiak, ahuntzak, ardiak, oiloak, ahateak…, den-denak ikusten zituen bere txokotik, eta bazuen zalantza bat buruan bueltaka. Egun batean erabaki sendoa hartu zuen: EZ DUT TXERRIKUME IZAN NAHI!! Sartu zituen bere gauza guztiak oihal zati zahar batean, korapilatu zuen ondo, lotu zion makila bati eta… TIPITI TAPATA, bideari ekin zion. Ibili eta ibili larreraino iritsi zen, eta behiek, harriturik, galdetu zioten: -Zer duzu txerrikume? -Ez dut txerrikume izan nahi!! -erantzun zien txerritxoak. -Orduan izan zaitez behi! -gonbidatu zuten behiek. Ideia izugarri ona iruditu zitzaion; bere gauzak txukundu, eta behiekin joan zen larrera. Hasieran poz-pozik egon zen behien artean, baina orduak joan eta orduak etorri, gero eta gehiago aspertzen zen; gainera, ez zuen batere atsegin belarra jatea. Txerrikume ez zuen izan nahi, baina egun guztia larrean aspertuta egotea ere… argi zeukan erabakia: Sartu zituen bere gauza guztiak oihal zati zahar batean, korapilatu zuen ondo, lotu zion makilari, eta… TIPITI TAPATA bideari ekin zion. Ibili eta ibili zaldiekin egin zuen topo, eta zaldiek, harriturik, galdetu zioten: -Zer duzu txerrikume? -Ez dut txerrikume izan nahi!! -erantzun zien txikiak. -Orduan izan zaitez zaldi! -esan zioten zaldiek. Bere gauzak gorde, eta zaldiekin batera abiatu zen larrera. Segituan konturatu zen zaldi bizitzak ere ez zuela etorkizun handirik, egun osoa korrika ematen baitzuten alde batetik bestera. Hura nekea! Sartu zituen bere gauza guztiak oihal zati zahar batean, korapilatu zuen ondo, lotu zion makilari eta…, TIPITI TAPATA, bideari ekin zion. Ibili eta ibili, ahuntzekin egin zuen topo baserri ondoko harkaitzetan. Eta ahuntzek, harriturik, horrela galdetu zioten: -Zer duzu txerrikume? -Ez dut txerrikume izan nahi!! -erantzun zien txerriak. -Orduan izan zaitez ahuntz! -esan zioten. Bere gauzak ziztu batean antolatu, eta bat egin zuen ahuntzekin. Ez zitzaion gehiegi kostatu konturatzea ahuntz izateko ere zailtasunak izango zituela, mendian gora eta behera ez baitzen batere trebea gure txerritxoa, harkaitzetatik saltoka larri-larri baitzebilen. Berriz ere sartu zituen bere gauza guztiak oihal zati zaharrean, korapilatu zuen ondo, lotu zion makilari eta…, TIPITI TAPATA, bideari ekin zion. Ibili eta ibili, ardiengana ailegatu zen; hurbildu aurretik ondo pentsatu zuen, baina zeukaten lasaitasuna ikusita ez zitzaion ideia txarra iruditu. Bere gauzak utzi, eta artaldearekin elkartu zen. Baina ailegatu bezain pronto, txakur ziztrin bat zaunkaka eta kosk eta kosk hasi zitzaion bere atzetik. Hartu bere gauzak, sartu oihal zaharrean, lotu makilari eta…, TIPITI TAPATA, bideari ekin zion. Apur bat aurrerago oiloekin egin zuen topo; oilo izaten ere saiatu zen, baina nahiko traketsa zen, eta konturatu gabe apurtzen zizkien arrautza guztiak. Bidea jarraitu eta ahateekin egin zuen topo. Haiekin ere saiatu zen, baina, uretan ere ez zen berak uste bezain ondo moldatzen gure txerritxoa. Sartu zituen bere gauza guztiak oihal zati zaharrean, korapilatu zuen ondo, lotu zion makilari eta…, TIPITI TAPATA, bideari ekin zion. Gaua iritsi zenean, neka-neka eginda, jarri zuen oihal zaharra buruko moduan, eta lotan geratu zen. Handik gutxira, hodei batek izarrak ezkutatu zituen eta... Hasieran, xirimiria... gero euri tantatxoak... Eta, azkenik, beldurgarrizko ekaitza sortu zen. Esnatu zenean, izugarri ondo sentitu zen txerrikumea, fresko eta usain goxo batez inguratuta. Pixkanaka-pixkanaka, alde batera eta bestera itzulipurdika zebilela, aspaldiko oroitzapenak etorri zitzaizkion burura. Orduan izan zuen argi, orduan ulertu zuen dena:

LEHEN, ORAIN ETA BETI, TXERRIAK BETI TXERRI!!