Txagoitiko errotaria

Txagoiti-ko errotaria

Bada Arabako Añua herrian bihotz oneko errotari baten historia. Elezaharrak dionez, Ba omen zen Añua herrian bihotz oneko errotari bat, oso alaia eta kantu zalea bera. Garia ehotzen igarotzen omen zuen egun osoa, alai eta kantari. Bi eratako irina egiten zuen errotariak: bata fin-fina, ogia eta bizkotxoak egiteko modukoa; bestea lodiagoa, abereei jaten emateko modukoa.

Añuako edo inguruko norbait garia ehotzera joaten zitzaionean, ezer baino lehen, kantu bat kantatzeko eskatzen zion errotariak garia ehotzera joaten zenari, eta baldin eta ez bazuen ezagutzen haren kantua, dohainik ehotzen zion garia eta, gainera,  lau txanpon ematen zizkion.

Bada herrian kantu bat errotariaren historia aipatzen duena:

                                               Errota baten ate aurrean

                                   aritzearren kantari,

                                   garia doan eho zidaten,

                                   lau txanpon eman opari.

Jakina denez, San Juan egunean sartzen gara udako solstizioan. Orduan datoz oporrak, orduan dator beroa. Eguzkiak gogor berotzen du, eta gariak, garagarrak eta oloak oritzen eta heltzen hasten dira.

Horrek esan nahi du errotariak ere lan handia izango zutela garai horretan.

Elezaharrak dionez, San Juan egun batean, errota konpontzen eta txukun-txukun jartzen ari zen Añuako errotaria, eta, bat batean, laino ilun-ilunak agertu ziren eta zerua beltz-beltz jarri zen Añua aldean. Ekaitza sortu zen berehala; haizea eta euria hasieran, haizea eta txingorra geroago. Une batetik bestera, gaua beltz-beltz jarri zen.

Iluntasun hartan ezin zuen herrirako bidea aurkitu errotariak. Ez zuen ezertxo ere ikusten eta han zegoen zer egin ez zekiela. Baina, nahi ala ez, joan beharra zeukan, bere emaztea kezkaturik egongo baitzen herrian, bere zain. Herrirako bideak ilun baino ilunago jarraitzen zuen. Larritasun hartan, negarrari eman zion errotariak. Eta negar zotinka zegoela, ustekabean, han urrutira, zintzarri hotsa entzun zuen, baina ez zuen abererik ikusten inguruan. Gero eta gertuago entzuten zuen zintzarri hotsa, ia-ia bere gainean, eta halako batean ahots ahul bat entzun zuen:

  • Jarraitu zintzarri hotsari! Jarraitu zintzarri hotsari!

Nahiz eta ilun-ilun egon, hartu arnasa sakon-sakon eta zintzarri hotsari jarraitzea erabaki zuen. Eta halaxe iritsi zen herriko plazara, gau ilunean, korrika eta arnas estuka.

Errotaria herriko plazara iritsi zenerako, herritarrak han zeuden, festa giroan, San Juan suaren inguruan. Erabat harriturik gelditu ziren galdezka, nola iritsi ote zen gizon hura ilunpe hartan herrira. Eta askoz harrituago gelditu ziren, errotan gertatu zitzaiona kontatu zuenean.

Une horretan, suaren inguruan zegoen herritar zaharrenak pausu bat eman zuen aurrera, suaren ondora,  eta hauxe esan zien herritarrei:

  • Jakin ezazue! Herri honetan lehen ere gertatu izan dira honelakoak. Han errota inguruan, galtxagorri bat bizi da, jeinu txiki-txiki bat, urra bezain txikia, baina indar handikoa eta praka gorri-gorriak janzten dituena. Eta gaurkoan bezalako gau ilunetan, jende askori lagundu izan dio galtxagorri txikiak.