Txomin Agirre - Urkiolara

Irakurlea: Karmele Igartua - Iturria: Garoa

Jaungoikoak jarri zuen Bizkaian Urkiolako mendia, Arabaren ondoan, Gipuzkoatik urre samar, eta mendi horren gainean ipini zuten euskaldun sinistetsuek Antonio Donearen eliza-etxea, zorion guztien itxaropenerako.

            Mendi horretara joaten dira sarri Bizkaikoak, arabarrak eta Gipuzkoa eder honetan jaioak; mendi horretara joaten dira, donerik errukior, miragilerik handien eta sendatzailerik onenaren jauregira bezala, uri handi gizaditsuetatik eta baserri txiki padutzarretik, aberatsak eta txiroak, gizon zindoak eta osasun-gabeak, indarge jaiotakoak eta hezurren bat hautsi dutenak; herrenak eta itsuak, hankokerrak eta besomotzak, gorrak eta zauriz beteak, totelak eta zanpatuak; buruko zorabio, zuldar, legen, eztul, berako, minbizi, anditsudunak: etsita daudenak, bizi nahi luketenak, irabazpidea idorotzen dabiltzanak, euri edo eguzkiaren beharrean aurkitzen diren lurjabeak, Ameriketan semeren bat daukaten gurasoak, gudara joan behar duenaren ahaideak, ikastolatik etxeratutako mutilak eta ezkontzeagatik mototsa salduko luketen neskatxak: hitz gutxitan amaitzegatik, gogo, estutasun, samin edo premiaren baten aurkitzen diren euskaldun guztiak, osasun bila, argi eske, laguntasuna itxaroaz, zoriona irrikitzen edo eskerrak ematen; eta bertan, Urkiolan, egin oi dituzte benetako arrenak eta bertan utzi, beren oparitzat, egurrezko makuluak, argizarizko hanka eta besoak, zilarrezko bihotzak, ile txirikordak, ontziak eta soinekoak, izenak eta kondairak, samin, aje eta neke askorekin batera.


 

Txomin Agirre