Karmele jaio - Ahulezia

Irakurlea: Pako Eizagirre - Iturria: Diario de Noticias

Ahulezia gizakien berezko ezaugarria da. Ahul jaiotzen gara, hauskor, babesgabe, eta askotan onartu nahi ez badugu ere, ahul izaten jarraitzen dugu heldutasunera heltzean.

Jaioberriaren ahulezia onartzen dugu, normala iruditzen zaigu, naturala, baina hazterakoan ahulezia bekatu bihurtzen dugu, gure bizitzatik baztertu beharreko zerbait da.

Ahuldadeari aurre egiteko aholkuak jasotzen dituzten auto-laguntzarako liburuez beteta daude liburu dendak. Zeure burua indartsu ikusiz gero, besteek ere indartsu ikusiko zaituztela, indarra zure barnean dagoela eta abar, eta abar... Eta saldu egiten dira, ondo saldu ere, jendea indarraren bila dabilelako, bere logelako bakardadean jendeak bere burua ahul ikusten duelako, nahiz eta kalean, besteen aurrean, indartsu agertzeko saiakerak egin. Eta tentsio ikaragarria sortzen da hor, garena eta erakutsi nahi dugunaren arteko borroka bat.

Denok ditugu ahuluneak. Norbaitek horietan atzamarra sartu eta arakatuz gero, suntsitu ahal gaitu. Ondo dakigu hori onartu nahi ez badugu ere. Beraz, zergatik ez onartu gure ahulezia? ez litzateke dena errazagoa izango gure ahulezia onartuko eta gure ahuluneak aztertuko bagenitu?

'Fragilité' izenburua duen liburuan Jean Claude Carrière gidoilari eta pentsalariak dio antzerkia, zinea eta literaturako espresiobide guztiak ahulezian daudela oinarrituta. Ahulezia omen da gure inspirazio ezkutuaren iturria, emozio guztien motorra eta baita edertasunarena ere. Onartu eta aldarrikatu dezagun ahulezia, dio Carrièrek bere liburuan. Izan ere, bere ustez, ahulezia da geratzen zaigun emergentziarako irteera. Eta ez hori bakarrik, indarrak elkarrengandik banatzen gaituen bitartean, ahuleziak batu egiten gaituela dio. Denok ahul garela onartuz gero, errazagoa baita elkarrengandik gertuago sentitzea. Ez ala? ­


 

Karmele Jaio