Gustuko ditut abesti batekin maitemintzeko gai diren pertsonak. Hain gustukoa duten kanta entzuteko erregutzen dizutenak. Zoragarria da, ezta?, galdetzen dizute kantak eurengan piztu duen pasioa zeure aurpegian ere bilatuz.
Zeu ere abestiarekin maitemintzea espero dute, nola ez zara bada maiteminduko zoragarria baita, bikaina, itzela, ederra benetan! Gripea neguan zabaltzen den bezala, musika ere horrela zabaldu daitekeela sinesten dute, guztiz kutsakorra dela musika, eta drogek besteko erakartzeko gaitasuna duela. Musikarekin gogoa berotzen zaien pertsonak gustatzen zaizkit. Egia esan, edozertarako gogo bizia erakusteko gai direnak gustatzen zaizkit, orokorrean. Pertsona batzuk kantuka ibiltzen dira egun osoan. Goizean jaiki eta ohea egin bitartean abesten dute, kafesnea prestatu bitartean ere hortz artean ari dira kantatzen… Nire amonak esaten zuen kantatzen duen jendea konfiantzazkoa dela, barruan musika duen jendea bizirik dagoela eta loreak bezala edertasuna kutsatzen dutela han eta hemen euren kantuekin. Jende guztiak abestuko balu mundua hobeto joango litzatekeela esaten zuen. Badaude konposizio eder bat entzun eta ezer sentitzen ez duten pertsonak. Musika dentistaren kontsultan sortzen den isiltasun trabagarria betetzeko tresna bat da haien-tzat, besterik ez. Ikusi eta ukitu daitezkeen gauzetan bakarrik sinesten duten pertsonak izan behar dutela iruditzen zait. Eta gogoz esango nieke musika ezin dela ukitu, baina musikak ukitu zaitzakeela. Eta batzuetan sendatu ere. Gustuko ditut abesti batekin maitemintzeko gai diren pertsonak, buruan beti melodiaren bat daramatenak. Buruan musika eramatea, alkandoraren patrikan lore bat eramatea bezalakoa delako. Edozein momentutan atera eta norbaiti oparitzeko aukera ematen dizu. Gure amonak zioen bezala, edertasuna kutsatzeko, han eta hemen.