https://www.podomatic.com/podcasts/aittu/episodes/2014-10-02T13_57_32-07_00
Idazlea: Sustrai Colina - Irakurlea: Pako Eizagirre - Iturria: BERRIA egunkaria
Aspaldiko G.
Zer berri atzoko Manifestan? Zenbat aldiz pasa zara kolegiotik oporretan? Oraindik ere haririk gabeko telefonoa sakelan agertzen zara klasera? Eramaten al dituzu ikasleak sasiak garbitu eta ikasgelak pintatzera?
Irakasten al diezu «gazte naiz eta lorios» bi ahotsetan kantatzen? 13 urte dira ez naizela zure ikasle. 13 urte Seaskarekin loturiko berri bat irakurtzen dudanero zurekin oroitzen naizela. 13 urte. Urte horietan ez dut ikastolaren aldeko deus egin, ez bada garagardo batzuk edan, bertso zenbait bota, egutegia erosi, eta manifa pare batera joan. Eta hala ere, tribukoa sentitzen naiz, etxekoa. Zein ote tribua batzen duen gihar ezkutua? Nola agertzen zaio indar hori prefetari? Ez dakit ohartzen garen. Ostiralero kantinan arraina zerbitzen duen estatu laikoa da Frantzia, errugbi partiden atariko frantximenten himnoa «Hegoak ebaki banizkio...». Gateau Basque-a, Ezpeletako Piperra eta Anne Etchegoyen baizik ez gara? Zergatik erantzuten digute gaztelera traketsean euskaraz galdetzean? Zer egin behar dut herriko auzapez eta hautetsia okindegira espreski bostekoa ematera sartzen zaizkidanean? Badakizu, errespetagarria naiz orain, B.E.C.-en kantatzen dut, ez naiz behiala abarketan zebilen talo usaineko terrorista. Parisen ez gaituztela konprenitzen esaten didate, ezin dutela deus egin, baina B.E.C.-ekoa biziki hunkigarria izan zela. Ba ote daki suprefetak zer den meneko eskuaren eskumenekoa? Haize kontrako garaietan gure eskumenekoa bikain egin behar genuela entzun izan dizut. Esadazu, bestela, zergatik mintzo ginen euskaraz frantses eskolako kantinan ikastolan frantsesez ari ginenok? Esadazu zer den euskaraz bizitzea autodeterminazioa ez bada? Ezin al gara Hendaia, Beskoitze edo Sohütako igeldotarrak izan? Horretarako ere Parisen baimena behar dugu? Garai politikoagoak datozela diote. Ez dakit. Beldur naiz ez ote diren zuekin betiko erretiratuko. Esan dizu prefetak zenbat urte falta zaizkizun erretretarako? Haririk gabeko telefonoa sakelan eta «gazte naiz eta lorios» kantatuz agertuko natzaizu. Taloak eta garagardoa zure kontu. Bitartean, urte berri on, baina batez ere, izan! Tribuko besarkada bat.