Rikardo Arregi Diaz de Heredia-Onassis taberna

ttp://pkeizagirre.podomatic.com/entry/2008-01-06T01_55_41-08

Irakurlea: Pako Eizagirre - Iturria: KARTOGRAFIA - Alberdania

Orain dela egun pare bat

Zapa kalean nenbilela

taberna baino etxea

genuen zulo ilun hura

suntsiturik ikusi nuen

-aurrera doa hirigintza-.

Hondakinetan sumatzen da

oraindik non zegoen barra,

non komuna, non biltegia,

non banatzen zen zoriona,

nora zeraman eskailerak.

Nik euripean harriturik

pentsatu dut gai ona zela,

erraza eta aproposa,

iragan urrunaren minaz

poema bat izkiriatzeko;

Ponpeia gogora ekarri

adibidez, edo Erroma

-aipuak agian latinez-,

eta poema ederrena

paratu, ele leun ilun,

ubi sunt gafaren gainean.

Edo, demagun, eskutitz bat,

Fabio lagunari gutuna,

epistola klasikoena,

tabernaren hondamendian

munduarena islatzeko.

Malditismo puntu bat, noski,

beharko luke bukaeran,

Bukovski aipatu, Amsterdam,

kartzela eta heriotza,

eta gainerako guztia.

Baina gero, ene bidea

segitzean -euri gehiegi

hausnarketa poetikoak

atxiki ahal izateko -

pentsatu dut hutsala dela

guztiz joan denaz idaztea,

eta ez dudala gogorik

egiteko. Ez baitut inoiz

sinetsi -fedegabe hori –

iragana oraina baino

zoriontsuagoa zenik;

eta jakin, ongi baitakit

zein ondo apaintzen ditugun

atzoko oinaze garratzak,

zein ondo apaintzen ditugun

ustezko zorion zoroak.

Horregatik, kontsideratuz

bizien artean latina

arras ezezaguna dela

-hildakoei berdin zaie–

askoren ustez heroikoak

izan ziren denbora horiek

ahazmenari opa dizkiot

lasai, pena handirik gabe.


Rikardo Arregi