Rikardo Arregi Diaz de Heredia-Antzinako bainuetxeak

Irakurlea: Pako Eizagirre
Usain txarreko ur beroak baina, nola ez,
osasungarriak dira oso.
Biriketako zein hezurretako minak sendatzera
honaino etortzen ziren
oinez eta zaldiz,
artean bidea marraztu berria zelarik.
Geroago hemeretzigarren mendeko medikuntzak
bainuetxe dotoreak eraiki zituen,
gaixotasun batzuen izenek,
malenkonia esate baterako,
desiragarri egiten zutenean gaixo jartzea, apur bat,
eta urak hartu denboraldi egokian.
Udazkenean iaz, aurten udaberrian.
Gaur egun itxita hotel handiak,
erortzear parkeko kioskoak, zikin eserlekuak,
zaborraz beterik iturrien ondoko aterpe ezkutuak.
Hitzordu isilpekorik gabeak.
Erretiratu bakan batzuk soilik bainuetxe nagusian.
Eta betidanik, menderik mende, hemen bizi den emakumea
txakur ttipia arduraz zaintzen.
Gazta ere atsegin du ahozuri honek.
Eta, noski, mendiak zut eta gailurretan
elur zuri-zuria eta baso sorginduak, nola ez,
eta txori kantariak, jakina,
eta, hala beharko,
goi mendietatik zarata etengabean presaka jaisten
ari den erreka.
Indar geologikoen artetik higadura patxadatsua da
hemen lan egiten duen bakarra.
Ezkiak aipatuko ditut berriro ere, ezkiak.
Bideak eta bidezidorrak,
bazterren batean andremari ttipi bat agian,
edo oroitarri bat latinez siste viator.
Baina ororen gainetik ur hallen guztien gurguria guztiak,
iturbegi, urmael, ubide, erreka,
bero, hotz,
usain txarreko, usain gabeko.
Antzinako belarriek ere entzuten zituzten hots hauek,
orain den bezalakoa izango zen dena,
zarata bera baina guztiz bestelakoa,
biharkoa bera eta beste bat izango den moduan.
Bai Heraklito, bai, den-dena doa,
baina den-dena gelditzen da
ur-hots ezdeus hauetan.
Eta burdinazko zubia, nola ez,
sugandilak milaka,
kanpaiak eguerdia zehazten,
laranja koloreko tximeleta handiak.
Loreen odola esker onez lehortzen da eskuetan.

 

Rikardo Arregi