http://aittu.podomatic.com/entry/2007-12-25T09_55_28-08_00
Testua: Elhuyar - Irakurlea: Xabier Galarraga - Iturria: Elhuyar aldizkaria
Nahiz eta Merkurio Eguzkitik oso hurbil egon, han gauak oso hotzak dira: zero azpitik 183 °C inguruko tenperatura egoten da!
Merkurioren irudiak 1974ko martxoan jaso ziren lehen aldiz, Mariner 10 zunda estatubatuarren lanari esker. Horrela, zerbait gehiago ikasi dugu ordura arte urrundik soilik behatzen genuen planetari buruz. Zuk ere beha dezakezu Merkurio. Baina oso adi ibili beharko duzu. Izan ere, Merkurio egunsentia baino lehentxeago eta Eguzkia sartu baino geroxeago ikus daiteke.
Atmosfera-eza da bere ezaugarrietako bat.
Normalean, planeta baten atmosferak tenperatura erregulatzen du: egunez Eguzkiaren berotasunaren parte bat azalera heltzea oztopatzen du (horregatik Lurra ez da erabat kiskaltzen), eta, gauez berotasun horri eutsi egiten dio (horregatik Lurra ez da erabat izozten).
Atmosfera gabezia horregatik, eguzki-sistema osoko tenperatura aldakorrena du Merkuriok: 425 °C-ko egun bero baino beroagoak eta -183 °C-ko gau izoztuak.
Hau da, 600 °C-ko aldaketa egunetik gauera!
Gure Ilargiaren antzera, Merkurio kraterrez zulatuta dago. Bere azaleran, hainbat kilometroko luzera eta 3.000 metro baino gehiagoko sakonera duten arraildurak ikus daitezke. Egunetik gauera pasatzean, planeta bat-batean eta berehala hoztu eta uzkurtzen da, eta horrek eragiten omen du ditu arraildurak.