Zergatik egin lo?

http://aittu.podomatic.com/entry/2007-12-28T13_35_46-08_00

Idazlea: Ezezaguna - Irakurlea: Maribi Urkola - Iturria: Ezezaguna

Neurobiologoek, laborategiko arratoiak apropos esna mantentzen dituztenean, ikusten dute haien osasunak berehala egiten duela okerrera.

 

Argaltzen hasten dira, gorputzeko tenperatura mantentzeko ahalmena galtzen dute, inmunitate-sistemak arazoak ematen ditu eta infekzioak ugaritzen dira. Azkenean, 20 egunean arratoiak hil egiten dira insomnioak jota, hain zuen ere, gosez hiltzeko behar duten denbora berean. Lo egitea, beraz, ez da gorputzaren gutizia; organismoak behar-beharrezkoa du bizirik irauteko. Berrogeita hamar urte daramate neuro-zientzialariek, fisiologoek, zoologoek eta psikologoek loak benetan zer funtzio duen aztertzen, eta oraindik ez dute argitu. Zalantzak zalantza, argi dagoena da loa garunarentzat dela. Izan ere, animaliek lo egiten dute, baina ez landareek. Eta animalion beste organoek ere ez dute 'lorik' egiten: ez birikek, ez gibelak, ez beste organoek. Lo gauden bitartean tasa metabolikoa % 15 baino ez da murrizten esna eta geldirik gauden unearekin alderatuta. Hortaz, lo gaudenean irabazten dugun energia hori zertxobait gehiago janez berreskura genezake, gure bizitzako 25 urte inguru lo eman beharrik gabe. Fenomeno konplexuagoa izan behar du loak halabeharrez; eboluzioan zehar ere animalia-espezie guztiek mantendu baitute. Hipotesi berriagoek diote loa ikaste-prozesuarekin lotuta dagoela. Txorikumeek, esaterako, kantuan ikasten ari direnean, garuneko gune jakin batzuk aktibatzen dituzte. Bada, lo daudenean ere, aktibazio neuronalaren patroi hori bera errepikatzen dute: egunean zehar erabilitako eremuak aktibatzen dira berriz ere garunean, nahiz eta gauez ez duten inolako soinurik sortzen txoriek. Kantuan ari direla amets egingo balute bezala da. Fenomeno bera ikusi da edozein ekintza berri ikasten ari diren beste animalia¬espeziekin ere: gauean 'birgogoratu' egiten dute. Hori dela eta, zientzialari askok uste du lo-garaia memoria finkatzeko garaia dela, egunez ikasi dena finkatzekoa.