Iruña-Veleia: JA, EDAN, LO

http://aittu.podomatic.com/entry/2014-02-27T05_32_50-08_00

Testua: Josea Bueno - Irakurlea: Pako Eizagirre - Iturria: Hirinet aldizkaria

Aurreko astean Arabako Iruña-Veleian aurkitutako “ostraka” famatuen inguruko txosten bat jakinarazi da; dirudienez, bertan frogatzen da inskripzio gehienak berriki eginikoak direla, hau da, ez direla erromatarren garaikoak.

 

Txosten horren arabera, mendeetan pilatutako karbonatu geruza ere urratzen dute idazkera- eta marrazki-markek; horrek adieraziko luke markak ez zeudela hor materialak lurperatu zirenean, baizik eta duela gutxi eginikoak. Gainera altzairu oxidaezin eta beste metal susmagarrien arrastoak agertu dira marra horietan. Ostrakak (zeramika zatiak) erromatarren garaikoak badira ere, markak ez. Hala frogatu omen da 39 ostrakatatik 35etan, hau da, gehienak eta adierazgarrienak direnak: euskararen testigantzak (EDA IAN LO…), egiptiarrenak (hieroglifiko eta guzti), kristautasunarenak (kalbarioa) … Beste arrazoiak ere bazeuden inskripzioak faltsuak zirela argudiatzeko: garaiz kanpoko ortografia ikurrak, erromatarren garaian erabiltzen ez ziren letrak, hieroglifikoen kontua (Nefertiti izena barne), gurutzearen goialdeko RIP letren absurdua, euskara “modernoa” … Oraingo analisi hauekin are ilunago geratzen da testigantza hauen balizko egiatasuna. Ulertzen dut kontu honetan patrimonioaren aurkako delituagatik auziperatuak dauden arkeologoek mila eta bat arrazoi eta argudio bilatzea beren burua defendatzeko; normala iruditzen zait: mila istorio konta, mila buelta … ea zorabioan onik ateratzen diren honetatik! Baina, nola edo hala amaitu, badirudi ostraka hauek laguntza handirik ez digutela emango gure historia eta hizkuntza hobeto ezagutzeko. Anekdota xelebrea izateko bidean daude Veleiako graffitiak. Arabako euskalduna naizen aldetik, izugarri poztuko nintzateke erromatarren garaiko euskarazko testigantzak aurkituko balira; baina historia gustatzen zaidalako poztuko nintzateke, ez honelako aurkikuntzarik orain ezertarako behar dugulako. Izan ere, gaur egun Arabaren euskalduntasunaren inguruan ez dago zalantzarik: arabar asko bizi gara euskaraz, disfrutatu eta lan egiten dugu euskaraz. Eta, istoriorik gabe, historia ari gara egiten gure probintzia honen hizkuntzaren historian. Euskarazko ostraka biziak gaituzue: edan, jan, lo …