Idazlea: Evaristo Bustinza "Kirikiño" / Irakurlea: Jose Ramon Arbe / Iturria: Abarrak
Hemen kontatuko duguna gertatu zenetik hona urte asko igaro dira.
Orduan Bilbok hogei mila inguru biztanle baino askoz gehiago ez zituen. Geroago Begoñari hartu dizkion zatiak ez zituen oraindik. Abando ere askea zen, herri banakoa. Beraz, Bilbo herri txikia zen eta biztanle guztiak elkarren ezagunak ziren. Ez zegoen orain dagoen beste goardia munizipal; nahikoa ziren hiru edo lau agoazil herria zaintzeko, gaueko sereno kantari batzuekin.
Honelako herri batean ulertzen da erraz egin daitekeela hemen kontatuko dugun barrabaskeria, herri guztia barre batean hainbat egunetan eduki zuena.
Bilbotar bromazale batzuek iragarri zuten bertako egunkari batean, ez dakit nongo herritan hil zela atso aberats bat, eta mila ogerleko batzuk utzi zituela Bilboko herren edo kojuei banatzeko, atsoa ere herrena izan zelako eta Bilbon jaioa; diru hori banatuko zitzaiela Atxurin, etxe bateko atarian, bertara aurkeztuko ziren herren bilbotarrei, halako egunetan eta halako ordutan.
Bilboko txiro eta gosetien artean ikara handia eragin zuen iragarki horrek eta egun batzuetan ez zen izan beste hizketagairik hauxe baino.
Heldu zen eguna. Atxuriko etxe hartan ageri zen atarian mahai bat, beronen gainean tintontzia eta orriak, hiru eserleku, bazterrean zorro batzuk zerez edo harez beterik eta hiru edo lau gizon, piperra baino serioago, elkarrekin hizketa isiltxoan, atarian batera eta bestera zebiltzala ipurdi gainean eskuak elkartuta.
Goiztxo hasi ziren kojuak agertzen kalean. Gehienak zetozen makulu birekin eta hanka bat zintzilik; baziren zetozenak ipurdi gainean erdi tatarrez; baita gurditxoetan zetozenak ere inork bultzaka eramanda. Denak zurbil eta aurpegi ahularekin, edonor errukitzeko eran.
Iragarrita zegoen ordurako, kale guztia aurkitzen zen herrenez beterik.
Balkoietan eta leihoetan zegoen jendeak harrituta esaten zuen: Nork uste izango zuen Bilbon honenbeste koju zegoenik?
Atarian zeuden gizon serioek adierazi zieten kalekoei diruak gertu ipini behar zituztela eta horregatik piska batean atea hertsiko zutela; eta asko berandutu barik, laster hasiko zela diru banaketa.
Itxi zuten atea bada, eta gerotxoago, berriro zabaldu zenean, tximista baino arinago urten zen handik, zer uste duzue?... Zezentxo bat!
Nork azaldu han izan zen iskanbila? Hasi zen zezentxoa topeka, hau bota eta hori bota, hango arineketa kojuak izan arren! Egundoko arinen, minutu bat baino lehenago, garbitu zen kalea, makilaz eta gurditxoz beterik gelditu zela. Miraria izan zen. Zezena agertu zen orduko koju guztiak osasunera etorri ziren.
Balkoi-leihoetako jendea, barrearen barrez, tripa guztia minduta geratu zen.
Deabrukeria hau ikusi zuten bilbotar zaharrak barre-zoroka hasi izan zaizkigu, berau aipatu dugun aldi guztietan.
Hamaika umore ederreko gizon jaio eta bizi izan zen lehenagoko Bilbon!