Euskal Herriko herri txiki batean, mendi artean eta ihintzak bustitako belardiz inguratutako paraje batean Marixa izeneko andre bat bizi zen. Inguruko mendirik altuenera igotzeko bidean, Marixak baserri eder bat zuen. Hantxe bizi zen animalia guztien artean. Behiak, ahuntzak, ahatetxoak, asto eder bat, katua eta txerri batzuk zituen baserriko lurretan. Marixari tortilla jatea izugarri gustatzen zitzaion. Horretarako, bost oilo zituen baserrian. Tortillak goxoagoak izateko oiloak aske bizi ziren, eta artoa ematen zien jateko. Marixak soilik arrautzarekin egindako tortillak jaten zituen, ez baitzuen atsegin tortillak beste ezeren zaporerik izatea. Animalien ukuiluen alboan baratze eder bat zuen Marixak. Bertan patatak, tipulak, tomateak, piperrak, letxugak eta bestelako barazkiak landatzen zituen urtero. Behin batean, egunsentitik gauera arte lan eta lan aritu zen egun batean, afaltzeko tortilla eder bat prestatzea bururatu zitzaion Marixari. Oilategira hurbildu, eta bi arrautza hartu zituen. Platerean bota, ondo irabiatu, gatz pittin bat gehitu, sartaginean jarri eta jateko prest!! Lehenengo zatia ahora sartu zuenean: Puaghh!! Baina, baina, txorizo zaporea du honek.-esan zuen Marixak. Oilategira bueltatu zen, eta oiloari zera esan zion: Tortilla honek txorizo zaporea du!! Noski, niri txerrien haragiarekin egindako txorizoa pila bat gustatzen zait eta!! Marixak beste oilo baten arrautzak hartu, eta sukaldera abiatu zen. Platerean bota, ondo irabiatu, gatz pittin bat gehitu, sartaginean jarri eta jateko prest!! Zatitxo bat dastatu zuenean: PUAGHH!! Baina, baina tortilla honek tipula zaporea du!! -esan zuen Marixak. Noski, niri baratzako tipulak jatea izugarri gustatzen zait eta. Beste bi arrautzaren bila joan zen Marixa. Platerean bota, ondo irabiatu gatz pittin bat gehitu sartaginean jarri eta jateko prest!! Berriro ere zatitxo bat ahora sartu, eta beste zerbaiten zaporea nabaritu zuen: PUAGHH!! Baina, baina, tortilla honek gazta zaporea du!! –esan zuen Marixak. Noski, niri ardien esnearekin egindako gazta jatea izugarri gustatzen zait eta!! Marixak, bere oiloekin gero eta haserreago, berriro ere oilategirako bidea hartu zuen. Laugarren oiloari beste bi arrautza hartu, eta sukaldera bueltatu zen. Platerean bota ondo irabiatu, gatz pittin bat gehitu, sartaginean jarri eta jateko prest!! Berriz ere tortillaren zatitxo bat moztu, eta ahoan sartu zuen: PUAGHH!! Baina tortilla honek piper zaporea du! Oilo honek zer egin du? Oiloarengana joan eta zera esan zion: Eta zuk? Ze demontre jan duzu? Nik baratzeko piper berdeak jan ditut. Haserre batean oilategira joan, azken bi arrautzak hartu, eta sukaldera joan zen. Platerean bota, ondo irabiatu, gatz pittin bat gehitu, sartaginean jarri eta... probatu zuenean: - Mmmmmmmmmmmm zein goxoa!! Horrela gustatzen zait niri tortilla!! Joan zen oiloarengana eta zera esan zion: - Bai goxoa zure tortilla! - Noski, nik beti zure artoa jaten dut eta!! Marixak oiloa besarkatu zuen eta, neka-neka eginda zegoenez, oherako bidea hartu zuen, eta oilarrak esnatu arte goxo-goxo egin zuen lo. ETA KUKURRUKUKU KUKURRUKU IPUINA BUKATU ZAIGU!</p>