Txomin Ipurdi
Behin ba omen ziren Txomin Ipurdi eta haren ama. Egun batez, semeak esan zuen: -Ama, oso pobreak gara eta erregearen jauregita joango naiz laguntza eskatzera.
Bidean zihoala, azeri bat atera zitzaion, eta hari erregearen oilategia ezagutzeko gogoa sortu zitzaion: -Sar zaitez nire ipurdian! -esan zion Txomin Ipurdik. Bidean aurrera, otso bat atera zitzaion, eta hari oilategia ezagutzeko gogoa piztu zitzaion. -Sar zaitez nire ipurdian! –esan zion Txomin Ipurdik. Baina bidea ibai handi batean amaitzen zen eta ezin, bada, hura zeharkatu! -Sar hadi nire ipurdian –esan zion Txomin Ipurdik ibaiari, eta aurrera jarraitu ahal izan zuen. Noizbait ere erregearenera heldu zen, eta diru apur bat eskatu zion: -Nirean ez dago alferrentzako dirutik –erantzun zuen erregeak, eta Txomin Ipurdi kexuka zebilela ikusirik, oilategira eraman zezatela agindu zuen. Oiloak ardiak adinakoak ziren eta mutikoari moko hemendik eta moko handik hasi zitzaizkion. Orduan Txomin Ipurdik esan zuen: -Azeri, irten hadi nire ipurditik! –eta azeriak oilo guztiak txikitu zituen eta, tripa beterik, mendira urrundu zen. Biharamunean, erregea izugarri haserretu zen eta Txomin Ipurdi zalditegira eraman zezatela agindu zuen. Zaldiak irrintzika eta jo hemendik eta jo handik hasi zitzaizkion. Orduan Txomin Ipurdik esan zuen: -Otso, irten hadi nire ipurditik! –eta otsoak zaldi guztiak akabatu zituen, eta asebeterik, mendira urrundu zen. Biharamunean, errege koleratuak Txomin Ipurdi su batean erre zezatela agindu zuen. Baina su garrak handitzen hasi zirenean, Txomin Ipurdik esan zuen: -Ibai, irten hadi nire ipurditik! –eta ura burrustan irten zenez, sua itzali, eta denak iheska urrundu ziren. Erregea beldurrak hilik geratu zen eta Txomin Ipurdiri zer nahi zuen galdetu zion: -Lehen diru apur besterik ez nuen nahi, baina orain ipurdia zuen aberastasunez betetzea nahi dut. Eta erregearen urre eta zilar guztiak sartu zituzten, eta herritarren diru guztiak, eta ezin bada mutilaren ipurdia bete! Gero, Txomin Ipurdi amaren etxera itzuli zen eta handik aurrera oso ongi bizi izan ziren.
Eta fini!